Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren pertsonaia ezagunenei ohore egiten jarraituko du FANT – Bilboko Fantasiazko Jaialdiak aurten ere. Frankensteinen lekukoa hartuz, 2023ko edizioko karteleko protagonista Gizon Ikusezina izango da, eta hain zuzen ere, James Whale zinemagileak pertsonaiari buruz ondutako filma pantailaratuko dute festibala hasi aurretik.

FANT2023-kartela-zinea

FANT – Bilboko Fantasiazko Jaialdia hasi da 29. edizioa izango denaren pintzeladak margotzen. Maiatzaren 5etik 13ra bitartean ospatuko dute 2023ko ekitaldia, eta dagoeneko badu aurpegia. Edo ez! Izan ere, Gizon Ikusezina aukeratu dute irudi nagusi. Iaz hasitako ildoari jarraipena emanez, fantasiazko eta beldurrezko zinemaren pertsonaia mitiko bat omendu nahi izan dute.

H.G. Well idazlearen izen bereko eleberriko pertsonaia da protagonista, gerora zinemara ere salto egin duena. Hain zuzen ere, aurten beteko dira 90 urte James Whale zinemagileak The Invisible Man (1933) filma zuzendu zuenetik, eta Frankstein zein Drakularekin batera, Unibersal etxeko munstro klasiko bilakatu zenetik. Betaurreko viktoriarrek, aurpegia estaltzen dion benda batek, eta kapela beltz batek ezaugarritzen dute Gizon Ikusezina, eta hiru elementuok berreskuratu ditu FANTek 29. edizioko kartela eraikitzeko.

PREFANT zikloa martxan

Azken urteotan egin bezala, zinemaldia ospatu aurreko hilabeteetan zinema eskaintza berezia proposatuko dute hirian. Paul Urkijoren IRATI filmaren estreinaldi komertziala baliatu zuten lehenengo PREFANT saioa egiteko, eta orain, beste bi hitzordu berri iragarri dituzte.

Martxoaren 9an, aipatutako The Invisible Man filma eskainiko dute, fantasiazko generoan zaildutako Whalek zuzendutakoa. Besteak beste, ​ Frankenstein (1931), The Old Dark House  (1932) edota Bride of Frankenstein (1935) proiektuak gidatu zituen.

Jack Griffin zientzialaria da The Invisible Man-eko protagonista, ikusezina izatea ahalbidetzen dion droga bat aurkituko duena Cranley doktorearen laborategian. Eraginkorra da sustantzia, izan ere Griffin hiltzaile bihurtuko da, inork jakin jabe ezkutuan egoteko aukerak lagunduta. Bestalde, Flora, Cranley doktorearen alaba, egoeraz kezkatzen hasiko da.

Hilaren 23an, bestalde, Rubin Steinek zuzendutako Tin&Tina (2023) filmaren aurrestreinaldia hartuko du FANTek, Teresa Rabal aktorearen zinemarako itzulera suposatzen duena: Lolak zain dituen haurtxoak galtzen dituenean, Jainkoarengan zuen fedea ere galtduko du. Berreskuratuko duelakoan, bere senar Adolforekin batera mojen komentu batera joango da, eta han Tin eta Tina ezagutuko dituzte, zazpi urteko bi anaia angeluar, Lola modu bitxian erakartzen dutenak. Adolfok gauza bera sentitzen ez badu ere, adoptatzea erabakiko dute. Denborak aurrera egin ahala, Lola susmo eta obsesio espiral batean erortzen hasiko da haurrekin eta haien jolas erlijioso makabroekin.

Stein FANT jaialdiko aspaldiko laguna da, izan ere, 24. edizioan Bailaora (2018) lanak film labur onenaren epaimahaiaren saria lortu zuen. Stein eta Rabal Bilbora gerturatuko dira, filma jendaurrean aurkeztera.

Bi saioak Golem Alhondiga zineman egingo dituzte, 19:30ean hasita, eta bertaratu nahi dutenek gonbidapenak aldez aurretik eskatu beharko dituzte, 16:00etatik aurrera, aretoko leihatilan.