Zinema dokumentalaren iruditeriaren eta lan prozesuen inguruan hausnartuko du Punto de Vistak aurten ere. Iaz abiatutako bideari helduko diote, hainbat programa eta jarduera proposatuz.
Manuel Asín zuzendari artistikoaren aroarekin batera aurkeztu zuten iaz LAN atala, zinema dokumentalaren iruditeria eta lan prozesuak aztertzeko elkargunea izateko asmoz. Bada, martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean ospatuko duten 17. Punto de Vista jaialdian jarraipena izango du ekimenak, hainbat jarduera eskainiz.
“Lana” hitza, “jarduera” ez ezik, “uzta” ere izan daitekeela defendatuz, festibaleko arduradunek irakurketa historiko bat proposatuko dute bigarrenez: “Luzaroan, landa eremuko lana izan zen ia lan bakarra. Agian, horregatik, António Reis eta Margarida Cordeiro portuges zinemagileek zioten lagungarri egiten zitzaiela bere buruari «zinemaren nekazariak» esatea. Horrela, bada, LAN izena jarri genion zinema dokumentaleko iruditeriaren eta lan prozesuen inguruan hausnartzeko sailari. Bertan, bilerak proposatuko ditugu hausnarketa hori egiteko”.
Multzoka sailkatuta, LAN sailaren barruan ondoko jarduerak eskainiko dituzte:
- TERMITAS eta PAISAIA programak
2022ko edizioan izandako arrakastaren ostean, zinema alternatiboaren eta berrienaren ikuspegi berezia eskaini nahi dute Termitas eta Paisaia programek. Aurkezpenak eta zinemagileekin solasaldiak jasoko dituzte, foro formatuan, hala, espazio fisiko beraren baitan sortzaileak eta ikus-entzuleak elkartuko dituzte. Bertan parte hartuko dute Javier Calvo de Cabrera (El andamio/La Bastina, 2022), José Otero (Bardauri, 2021), Luis Lechosa, Sara Domínguez, Luis Morla eta Alberto Ruiz (No conozco la historia del fuego, 2022), Mikele Landa (Noizko basoa, 2022), Marieke Elzerman (La voz rosa, 2002), Oier Fuentes (10 watts bakarrik, 2022), Iñigo Jimenez Bohoyo (Infernuan, 2022) eta Patxi Burillo (Y arquitectura un sueño de palmera, 2023) zinemagileek.
- OIHARTZUNAK ETA EKOLOGIAK. Hurbilketa poetiko eta politikoa Guillermo Zúñigaren artxibora
Punto de Vista jaialdia hasi aitzinean, 2022. urtean X Films saileko epaimahaikide izan zen Catarina Boieiro (Lisboa, 1991) ikertzaileak eta Candela Sotos (Madrid, 1986) zinemagile eta artista bisualak egonaldi bat egingo dute elkarrekin, Uharte zentroarekin lankidetzan. Orain, egonaldiaren ondorioak saio publiko batean aurkeztuko dituzte. Guillermo López Fernández-Zúñiga (1909-2005) espainiar biologo, argazkilari eta zinema zientifikoaren aitzindaria izan dute ikerketa gai. Zúñigaren artxiboa aztertzeko hurbilketa poetiko eta politikoa proposatuko dute Boieirok eta Sotok.
- SUPER 8 CONTRA EL GRANO
Alberto Berzosa zinemagileak eta Miguel Errazu ikertzaileak Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Secuencias aldizkarirako Super 8 contra el grano izeneko dossierra koordinatu dute. Bertan, ez-fikziozko zinemaren egungo produkzioan gero eta gehiago erabiltzen den euskarri fotokimiko aztertu dute: Super 8 formatua, gehienetan home-video edo etxeko bideo familiarrrekin lotu izan dena, baina zinema militante eta esperimentalean ere erabilia izan dena. Dossierraren autoreek beren lanaren laburpen bat aurkeztuko dute Punto de Vista jaialdian. Gainera, sei film proiektatuko dira.
- JARDUERA PROFESIONALAK: NAPARDOCS eta DOKLAB
Tokiko sortzaileak elkartu eta zinema dokumentalari buruz hitz egiteko gune bat proposatzeko asmoz, 2018an NaparDocs sortu zuen Nafarroako ikus-entzunezko ekoizpen etxeen NAPAR elkarteak. Topaketa ireki hau garatu eta hazi egin da, leku gehiago lortu du jaialdian, eta Nafarroako lurraldetik haratago zabaldu da. Lan-mahaiak antolatzen dituzte gidoigintzari, zuzendaritzari, ekoizpenari edota banaketa zinematografikoari buruz haunsartzeko, eta jarduera osagarri gisa, sarean lan egiteko saioak antolatzen dituzte koprodukzioak sustatzeko eta mugaz gaindiko zubiak sortzeko Euroeskualdearen barruan, Institut Français erakundearekin elkarlanean.
Iaz, eztabaida gunea Doklub proiektuarekin elkarlanean hasi zen, Arena Comunicación enpresak 2022an dokumentalerako sortutako egonaldi berriarekin. Bada, Nafarroako Kutxa fundazioaren laguntzarekin, bertan hautatutako proiektuak aurkeztuko dituzte, gero epaimahai profesional batek epaitu ditzan.
Bestalde, Punto de Vista 2020. urtean sortutako Federación Pantalla jaialdien elkarteko kide den aldetik, federazioak eta La Mesta koordinakundeak loturak sustatzeko lan topaketak izango dituzte.
Informazio osagarria, jarraian.