Andrei Tarkovskyren Nostalghia (1983) filmak abiatu du, hilaren 1ean, zinema egitarau berria, eta gaur, Juan San Martin eta Ritxi Lizartzak lurraldean bertan errodatutako Ainarak dokumentala egongo da ikusgai. Ohiko atalek osatuko dute martxoko eskaintza, eta besteak beste, Márta Mészáros zinemagile hungariarrari eskainitako atzera begirakoak jarraipena izango du.

Nafarroako Filmoteka-egitaraua-martxoa

Zinemaren historiako film garrantzitsuenak berreskuratuz ekin diote, beste behin, Nafarroako Filmotekaren egitarau berriari. Martxoan, 80ko hamarkadatik gaur egun arteko lanak aztertuko dituzte, maisulanak kateatuz, eta atzo Andrei Tarkovskyren Nostalghia (1983) pantailaratu ostean, The Piano (Jane Campion, 1993), Les invasions barbares (Deny Arcand, 2003) eta Hundraaringen som klev ut genom fönstret och försvann (Felix Herngren, 2013) filmak eskainiko dituzte datozen asteetan.

Lurraldeko zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eustea helburu duen Nafarroako Filmoteka atalean, bestalde, Juan San Martin eta Ritxi Lizartzak zuzendutako Ainarak dokumentala egongo da ikusgai. Saiora San Martin sortzailea gerturatuko da, filma aurkeztera eta emanaldiaren ostean ikus-entzuleekin solastera. Hurrengo egunetan, Nafarroan ekoiztutako animaziozko hiru lan –Time (L) Over (Álvaro Pinell, 2021); ¿Dónde está Heleny? (Esther Vital, 2022); Amanece la noche más larga (Lorena Ares Lago eta Carlos Fernández de Vigo, 2022)- , eta 1983an Alfonso Ungríak errodatutako La conquista de Albania film historikoa proiektatuko dituzte.

Otsailean abiatu eta Márta Mészáros zinemagile hungariarra protagonista duen zikloari Napló szerelmeimnek (1987) eta Napló apámnak, ayuámnak (1990) pelikulek emango diote martxoan jarraipena. Eta saio bereziei dagokienez, Emakumearen Nazioarteko Eguna aitzakia, hiru film proposatuko dituzte: Fabricando mujeres 2.0 (Paula Iglesias eta Marta Gómez, 2022), Corsage (Marie Kreutzer, 2022), eta The Lavender Hill Mob (Charles Crichton, 1951).

Arrazakeriaren kontrako zinema atalak lau edizio beteko ditu aurten, eta bi emanaldirekin ospatuko dute. Batetik, 2018ko sariketa-ekitaldietan oihartzuna izan zuen Get Out (Jordan Peele, 2017) amesgaizto estatubatuarra; bestetik, Fernando León de Aranoak zuzendutako Amador (2010) ekoizpen espainiarra.

Ateneok aurkezten du…  sailean, Joanna Hogg sortzaile britainiarraren The Souvenir: Part II lana aurkeztuko du Sara Hernández Askasibarre.

Emanaldietarako sarrera orokorrak 3 euro balio ditu, eta aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutu lehenagora arte. Nafarroako Filmoteka eta saio berezietarako sarrerak, aldiz, euro bat balio du.

Ezagutu Nafarroako Filmotekak urtarrilerako prestatu duen egitaraua, hemen.