20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola, 2023) filmak itxiko du Bartzelonan ospatu ohi duten zinemaldiaren aurtengo edizioa. Aurretik, Un impulso colectivo sail lehiakorrean Gelditasuna ekaitzean (Alberto Gastesi, 2023) eta Mision a Marte (Amat Vallmajor del Pozo, 2023) erakutsiko dituzte, eta film laburrek ere partaidetza sendoa izango dute.

DA2023-zinea

Bartzelonako D’A Film Festival jaialdiak martxoaren 23tik apirilaren 3ra bitartean ospatuko du 2023ko edizioa, eta dagoneko iragarri dituzte bertan erakutsiko dituzten lehen filmak. Azken urteotan gertatu bezala, euskal zinemagintzak ordezkaritza izango du sail lehiakorretan zein D’A Film LAB atalean.

Iazko edizioan Alauda Ruiz de Azúa zuzendari barakaldarraren Cinco lobitos (2022) opera primarekin gertatu bezala, Berlinetik iritsi berritan Bartzelonako zinemaldia itxiko du Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas (2023) lan sarituak. Alemaniar banatzaileek erabakitako Guild Film Prize, epaimahaiaren Morgenpost Readers’ Jury Award eta sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartza (Sofia Otero aktore gazte basauriarrari aitortza) eraman ditu laudioarraren opera primak, eta bertan izandako harrera beroa errepikatzea espero da.

Un impulso colectivo atala izango da euskal ekoizpen gehienak jasoko dituena. 10 urte beteko ditu aurten espainiar lurraldean sortutako film independente berritzaileenak biltzen dituen sailak, eta film dokumentalak, esperimentalak, iraupen laburrekoak eta underground-ak pantailaratuko dituzte beste behin. Alberto Gastesi donostiarraren Gelditasuna ekaitzean lehen film luzea, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi protagonista dituena 5.000 euroko sari nagusia eskuratzeko lehiatuko da, Amat Vallmajor del Pozo kataluniarraren Mision a Marte obrarekin batera. Azken honek Elias Querejeta Zine Eskolan sorkuntza masterreko ikasle izanik garatu due proiektua, eta Berlingo Kritikarien 9. Astean aurkeztu du. Lehiaketaz kanpo, emanaldi berezien atalean, Izaskun Arandiak Londresko The way Out klubari buruzko My way out  dokumentala aurkeztuko du.

Atal bereko film laburrei dagokienez, Andrea Jaurrieta iruindarraren Ballenas aplastadas por el hielo (2022), Mario Sanz gasteiztarraren Diez minutos para medianoche (2022), Kimuak katalogoaren parte den Maider Oleaga bilbotarraren Irrits (2022), eta Eivissako Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdiaren 7. edizioan parte hartzetik datozen Leire Apellanizen La concha komedia udatiarra,  eta Iban del Campo arrasatearraren Sorbeltza lehiatuko dira.

D’A Film LAB laborategian, otsaila hasieran aurreratu bezala, bi euskal lan izango dira: batetik, Maluta Films eta Cornelius Films ekoiztetxeen Negu Hurbilak (Ekain Albite, Adrià Roca, Nicolau Mallofrè eta Mikel Ibarguren) koprodukzioa; bestetik, Victor Iriarteren Sobre todo de noche opera prima, La Termita Films, Atekaleun eta CSC Films enpresen nazioarteko koprodukzioa.

Nazioarteko filmak

Emmanuel Mouret zinemagile frantziarraren Diary of a Fleeting Affair (2022) amodiozko filmak irekiko du Bartzelonako 203ko D’A Film Festival ekitaldia, eta nazioarteko ekoizpen independente interesgarrienek osatuko dute Direccions sail nagusia. Besteak beste, Paul Schraderren Master Gardener (2022), Kirill Serebrennikoven Tchaikovsky’s Wife (2022), Joanna Hogg aurtengo omendu bereziaren The Souvenir (2019) eta The Souvenir: Part II (2021), edota Lav Diazen When the Waves Are Gone (2022) proiektuak ikusteko aukera egongo da.

Talents sailean, aldiz, ZINEBI jaialdi bilbotarreko ZIFF-en nagusi izan zen Anhell 69 (Theo Montoya, 2022) ekoizpen kolonbiarra, Helena Wittmannen Human Flowers of Flesh (2022), Alexandru Belecken Metronom (2022) eta Mònica Cambrak eta Ariadna Fortunyk zuzendutako Un sol radiant (2023) erakutsiko dituzte.