Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo
Urtea: 2023
Herrialdea: Euskal Herria

 

Duela bost urte Paul Urkijok Errementari aurkeztu zuenean harrigarria izan zen euskal zinemaren eremu txikian fantasiaren inguruko kontaketa hura ikustea. Euskal zinemagintzako (animaziotik kanpo, behinik behin) narratibek oinak lurrean izatearen osagaia dute, oro har, errealitatearekiko hertsirik dauden istorioak dira garatu ohi ditugunak. Hala, gustagarria izan zen fantasia jorratzeko gailuak eraikitzeko gaitasuna bazegoela behatzea, gainera horren gertuko somatzen genuen istorio tradizionalarekin.

Bost urteren ondoren, dena handiago bilakatu du zuzendari arabarrak. Irati-ren bitartez fantasiaren erroetan are gehiago sakondu  du, euskal historian  atzerago joan da (VIII. Mendeko Nafar Pirinioen ingurura), eta euskal kontakizunen sustrai horretan egiten duen proposamena zabalagoa da. Hala, fantasia epikoaren generoan bete-betean sartuta, historia eta mitoa elkarren ondoan jarriko ditu euskal nortasunaren inguruko pelikula ikusgarria kontatzeko.

Orreagako batailan Eneko Aritza (Eneko Sagardoy) aita galdu ondoren, ibarreko jaun izateko bere hautagaitza konplikatu egingo zaio, aitaren gorpua egonkortu den tradizio kristauaren arabera ehortzi ez zela jakingo delako. Hala, Irati deituriko neskak lagunduta (Edurne Azkarate) basora bidaia egin beharko du gorpua berreskuratzeko, eta bertan azaltzen diren izaki magikoek bere mundu ikuskera zeharo aldatuko dute. Fantasia epiko tradizionalaren kontaketara egokitzen den istorioa da, nolabait legenda arturikoek historia anglosaxoiarekin egin bezala (are gehiago, John Boorman-en Excalibur aipatzen du Urkijok erreferentzia film bezala, Conan edo The Lord of the Rings bezalako kontakizunekin batera), euskal historia lurraldeko istorio tradizionalekin nahasiz. Hala, pelikularen hasiera zoragarriak guda aurreko naturaz gaindiko paktu bat erakutsiko digu. Eta Orreagako bataila iritsiko zaigu ondoren, zinez ikusgarria (Gladiator-en lehen batailaren oihartzunekin), era liluragarrian bukatuko dena euripean azalduko den elementu fantastiko harrigarriarekin.

Hala, aipaturiko bidaia horretan aurrez aurre jarriko dira pelikularen bi aurpegiak, bere erdiguneko pertsonaien bitartez. Enekok fede kristaua, historia eta botere politikoaren inguruko figura haragituko duen heinean, bere gidari izango den Iratik eremu mitiko eta kondairen sustraietatik hazi den pertsonaia irudikatuko du. Era horretan pelikularen gailur dramatikoa izango da bi pertsonaiek kobazulora egingo duten lehen sarreraren pasartea. Iluntasuna suaren argiak baino apurtzen ez duela, marrazki primitiboz beteriko harriak pertsonaiak inguratuko ditu, denak kutsu espresionista zoragarria hartzeraino, Platon-en kabernaren mitoaren alderantzizko prozesua bizitzen dugun heinean. Kobazuloan aurkituko ditugu izaki mitologiko hauetako asko, munstrotasunaren zein jainkotasunaren adierazleak.

Hain zuzen ere Tartalo, Lamia, Basajaun, Mari (Itziar Ituñok ia izar gonbidatuaren funtzioa daukala esan genezake) edo Sugar-en agerpenak era bestelakoetan egiten dira. Ematen du zenbaitetan ahalik eta gehien erakusteko grina horrek saturazio puntu bat eragiten duela, eta Urkijok dosifikatzea baliatzen duen momentuak estimatuak izango dira; hala nola, Basajaun-en tankera duen izakia, plano orokor finkoan, handiki altxatzen behin pertsonaiak joan direla, hunkigarria izango da bere soiltasunean.

Itxura eman dezake, edonola, Iratik kanpo molde baten eraikitzen duela bere diskurtsoa, forma zehatz eta usadio dramatiko estandarizatuak baliatzen dituela bere kontaketarako. Agian hala izan liteke, fantasia epikoaren lurraldeak lege zurrunak planteatzen baititu, alboratzeko zailak, baina badira aspektuak bertakotasun baten estiloaz mintzatzen direnak. Izan ere, eszenatokia Euskal Herria da, eta hala arnasten da bere irudietan. Generoan ohiko diren kromak baztertu eta Iratiko basoan egin da lan, edo Pozalaguako kobazuloan. Eta jakina, edukia. Edonondik begiratuta euskalduntasuna azaltzen da, hizkuntzari dagokionean (euskara nafar zaharra baliatzeko esfortzu oso estimagarria), eta batez ere, kulturari dagokionean. Hainbat aldarrikapen daude pelikulan, denak mamitsuak. Tokian tokiko mundua ulertzeko era anitz eta txikiek duten balorea aldarrikatzen da, eta basoaren defentsa sutsua egingo den heinean, mezu ekologiko nabarmena ere izango du pelikulak. Eta batez ere, irudimenaren aldeko aldarria da, “Izena duena bada” pelikularen esaldi xehe bezain ederrak etengabe gogoratzen digun bezala. Belaunaldiz belaunaldi kontatu eta aberastu diren herri istorio horietaz maiteminduta, globalizazioak dakarren diskurtso alde bakarrekoaren aurka azaltzen da Urkijo. Pelikulan bezala, izakien izenak ahaztu ahala, desagertzen joango dira propio ditugun narratibak, transmisio katea indartu ezean. Eta zeharo ederra da filmak bere baitan duen planteamendu meta narratiboa, izan ere, pelikula berak aldarrikatzen duen hori sustatzen laguntzen du. Euskal tradizio zaharren katea biziberrituta dago gaur Iratik osatzen duen katebegi zoragarri honekin.