Hego Euskal Herriko, Galiziako, Asturiaseko eta Kantabriako film laburren katalogoetan hautatutako lanen emanaldiak egingo dituzte datozen asteetan, lurraldez lurralde. Asteburu honetan bertan (martxoak 3-4) abiatuko dute ekimena, Kantabrian.
Bilboko Azkuna Zentroan egin dute, gaur, CORTEN film laburren zirkuituaren aurkezpena, eta Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria, Ignacio Apezteguía Nafarroako Kultura zuzendari nagusia, Gema Agudo Kantabriako Gobernuko Kultura Ekintzako zuzendari nagusia eta Pablo León Asturiasko Gobernuko Kultura eta Ondarearen zuzendari nagusia gerturatu dira prentsaurrekora. Azaldu dutenez, ekimena “talentua partekatzeko, ezagutzeko, balioesteko eta erakusteko gune bat irekitzeko bokazioarekin jaio da”.
Hego Euskal Herriko, Galiziako, Asturiaseko eta Kantabriako film laburren katalogoetan hautatu ohi dituzten film laburretarako publiko berriak sustatu, zabaldu eta aurkitu nahi ditu zirkuitu jaioberriak, “trukerako espazioak sortuz eta zuzendarien artean sinergiak sortuz”. Hala, modu koordinatuan hainbat saio atonduko dituzte apirila bukaerara bitartean, autonomia erkideko bakoitzean bi.
Zinema emanaldiez gain, profesionalen arteko topaketak ere gauzatuko dira CORTEN egitasmoaren baitan: ostiral arratsaldeetan tokiko film laburrak pantailaratuko dituzte; larunbat goizetan, mahai-inguruak, klase magistralak edota networkinak antolatuko dituzte; larunbat arratsaldeetan, aldiz, gonbidatutako lurraldeen film laburrak proiektatuko dira, egileek aurkeztuta.
Katalogoak eta datak
Kimuak katalogoan sartzen diren euskal film laburrak, Shorts from Galicia hautaketa galiziarreko lanak, Laboral Cinemateca-ko film labur asturiarrak, Cantabria en corto programan jasotako obra kantabriarrak eta Nafarroako Shortzinema bildumak osatuko dute zirkuitua, eta zinemagileek aurkeztuko dituzte han eta hemen.
Zirkuituari hasiera asteburu honetan bertan (martxoak 3-4) emango diote, Kantabrian, eta Asturias (martxoak 24-25), Galizia (apirilak 14-15), Nafarroa (apirilak 21-22) eta Euskadi (apirilak 28-29) bisitatuko ditu gero. Saioak eta enkontruak non izango diren ez dute zehaztu.