112 kopiarekin iritsi da zinemagile arabarrak zuzendutako lana Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta espainiar lurraldeko zinemetara, eta euskaraz errodatutako ekoizpen batek inoiz izan duen estreinaldirik arrakastatsuena bilakatu da.
Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Paul Urkijo iragan urtean, bere proiektua Iratiko basoa bezain handi badela erakutsiz. Iragan ostiralean, azkenik, zinema aretoetara iritsi zen Irati filma, eta nola gainera.
Zuzendari arabarraren bigarren film luzeak euskal mitologia ardatz duen ekoizpen epikoa pantaila handian ikustera bultzatu ditu Hego Euskal Herriko ikus-entzuleak. 30 kopia izan ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta asteburuko film ikusiena bilakatu da. Ez hori bakarrik, euskarazko film batek inoiz izan duen estreinaldirik arrakastatsuena izan da, eta espainiar lurraldean ere lehen hamar film ikusienen artean sartzea lortu du, zazpigarren tokian. Gaur, otsailaren 28an, bosgarren postura igo da.
Top 10 – 27 Febrero
1-MOMIAS
2-ANT-MAN Y LA AVISPA: QUANTUMANIA
3-AVATAR: EL SENTIDO DEL AGUA
4-AS BESTAS
5-IRATI
6-EL GATO CON BOTAS: EL ULTIMO DESEO
7-MISSING
8-LA NIÑA DE LA COMUNION
9-EL TRIANGULO DE LA TRISTEZA
10-LOS FABELMAN#Top10movies#YoVoyAlCine— ComscoreMoviesSpain (@cSMoviesSpain) February 28, 2023
Guztira, 112 kopia banatu dira, erdiak baino gehiago euskarazko jatorrizko bertsioan, Handia-k (2017) ezarritako marka gaindituz. Jon Garaño eta Aitor Arregiren lanaren 92 kopia banatu ziren estreinaldiko asteburuan eta 133.296 ikusle izan zituen. Oraindik ICAAk ez du Irati-k lehen asteburuan izan duen ikus-entzuleen kopurua zehaztu. 2020an, Pablo Agúeroren Akelarre-k 200 kopia baino gehiago izan zituen, eta urte bukaeran 45.565 ikus-entzule bildu zituen, ICAAren arabera.
Euskal zinema pantaila handian
Naturaltzat jo dezakegun pausoa eman du Urkijok. Errementari (2017) opera primaren eta Dar-dar (2020) film laburraren ostean, euskal zinema fantastikoaren ordezkari bilakatu zaigu gasteiztarra, gaur arteko euskal proiektu garestienaren erantzule. Euskal mitologian oinarritutako istorio epikoa du abiapuntu Irati-k, eta El ciclo de Irati eleberri grafikoaren egokitzapena da. Lamiak, jentilak, Mari, Sugaar, basajaun, zaldunak, borrokak, traizioa, epika, maitasuna, izaki ez gizatiarrak, sua… Erdi Aroan girotutako kontakizun klasikoa, gurera ekarria, kristautasunaren eta paganismoaren arteko gatazkaren testuinguruan.
EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen eta Zineuskadi Elkartearen arteko lankidetzari, eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker martxan jarritako Bidaiariak zinera! kanpainaren zazpigarren edizioari hasiera eman zion otsailaren 24an Irati-k, eta Hego Euskal Herriko zinemazaleek bi euroko deskontua izan dute sarreren erosketetan. Ekimenak jarraipena izango du datozen asteetan, eta My way out (Izaskun Arandia), 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola), A los libros y las mujeres canto (Maria Elorza) eta Tetuán (Iratxe Fresneda) filmak ere izango dira beherapenen onuradun.