Iazko edizioan Urrezko Hartza irabazi zuen Carla Simonek Alcarràs filmarekin, eta haren lekukoa Nicholas Philibert frantziarraren Sur l’Adamant dokumentalak hartu badu ere, Estibaliz Urresolak gainean izan duen zama ez da txikia izan. Hautagai sendoa izan da 20.000 especies de abejas filma, sail ofizialean lehiatu baita igandean itxi duten 73. Berlinale jaialdian (irakurri Iker Zabalak idatzitako filmaren kritika, hemen). Errealizadore laudioarraren opera prima epaitzeaz Simòn bera arduratu da, eta espekulazioak entzun izan dira, Alcarrás-ekin, baina batez ere Estiu 1993-rekin arlo narratibo eta formalean horren hurbilekoa duen proiektu hau ez ote zuen Kristen Stewart buru izan duen epaimahaiak goratuko. Azkenerako, alemaniar banatzaileek erabakitako Guild Film Prize, epaimahaiaren Morgenpost Readers’ Jury Award eta sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartza (Sofia Otero aktore gazte basauriarrari aitortza) eraman ditu, eta aurkezpenean izandako harrera beroaren ostean, begirada guztiak hark bereganatu ditu.
Injustuak eta krudelak izaten dira alderaketak, baina film bat nazioarteko jaialdi entzutetsuenetan aurkezten den aldiro, espainiar prentsak martxan jarri ohi du bere makineria bortitza. Hasi gara zinemagile arabarra kataluniarrarekin konparatzen dituztenen hitzak irakurtzen, baita Otero aktore gaztea Ana Torrentekin ere –El espíritu de la colmena (Víctor Erice, 1973); Cría cuervos (Carlos Saura, 1976)-. Presio-jartzaile edo -eragile izaki, burbuila handitzen joango da datozen egun eta asteetan, izan ere, bigarren olatua berehala dator: Malaga eta D’A zinemaldiak. Eta hirugarrena segidan: estreinaldia zinema areto komertzialetan, apirilaren 21ean. Estrategia komertzial borobila, boom informatiboa kateatu eta ‘filma ikustera joan beharra’ eragiteko. Gero baretu eta berpiztuko da irailean, Donostia Zinemaldian (Zinemira sailean, ia seguru). Halaxe gertatu zen 2022an Alcarràs efektuarekin, nahiz eta urte berriko sariketa-ekitaldietara indar hustuta iritsi den. Orain, ikusteke dago zer gertatuko den 20.000 especies de abejas-ekin.

Argazkia: Inicia Films
Espainiar zinemagintzak bere egin ditu bi proiektuok, eta guk ere, noski, laudioarraren obra aldarrikatzeko eskubidea dugu (eta ari gara!), katalanek Estiu 1993 eta orain Alcarràs egin bezala. Zalantzak eta desadostasunak hizkuntza hautuak eragin ditzakete. Katalan hutsez errodatuta aurkeztu ditu Simònek bere bi lanak. Urresolaren opera priman, ordea, ezin liteke hala denik esan. Euskarak duen presentzia ez da erabatekoa, eta ez dakit zenbateraino leporatu dakiokeen, adibidez, Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos-i bezala, kontuan izanda euskal gizartearen errealitate soziolinguistikoa ez datorrela bat Herrialde Katalanetan bizi dutenarekin. Argi dagoena da, euskal zinema euskara hutsez egindako zinema osasuntsua izatea nahi badugu, norbaitek eskua sartu beharko duela. Eta Bingen Zupiria Berlingo estreinaldira Urresolari babesa ematera joatea ez da nahikoa.
Euskal zinemagintzak merezi du hizkuntzaren aldeko apustu sendoa egin diezaioten, eta 20.000 especies de abejas bezalako proiektu indartsu eta entzutetsu batek euskara Berlinera eraman izana bada estimagarria; hala ere, erdibidean geratu da lorpena. Jakinda giro euskaldunean kokatutako kontakizuna dela, pertsonaia guztiek aldiro hala hitz egiten dutela beren artean, eta noizbait, gaztelaniara jotzea ere zilegitzat har dezakegula, hizkuntza aldaketa antinaturalek (bide batez, desorekatuek) harridura sortzen dute, ikus-entzuleak lekuz kanpo uzteraino.
Norbere identitatearen hariak ehuntzen
Ikasturtea bukatuta, zortzi urte dituen Coco amarekin eta neba-arrebekin joango da amona eta izeba erlezainen etxera. San Juan jaietako ospakizunak iristear dira, eta bizilagunak udaren etorrerari ongietorria emateko prestatzen dabiltza. Neskatoa, baina, ez dago gustura, gertukoenek Aitor deitzen baitiote, ez du herriko igerileku publikora joan nahi, eta amak ere ez dio kasu gehiegirik egiten. Arte eskola entzutetsu batera sartzeko proiektua garatzen pasatuko du denbora, bere aitaren tailer zaharrean.
Hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-eraluntza lotu du Urresolak 20.000 especies de abejas filmean. Beren zalantza eta beldurrei aurre egingo diete, bakoitzak bizi duen errealitateak besteei nola eragiten eta talka egiten duten ezagutu bitartean. Barneko bizitza nola ulertzen eta esperimentatzen dugun eta kanpoko munduarekin nola uztartzen dugun aztertu du zinemagileak. Bi mundu horiek bereizten dituzten mugak eta maitasunaren izenean familiaren baitan gauzatzen diren indarkeriak. Nolabait, arestian aipatutako Cinco lobitos-etik ere ez oso urruti. Zaintza eta amatasuna lehen lerrora ekarri ditu Urresolak, barakaldarrak egin bezala, eta Baionatik Laudiora, Bidasoa ibaia trenez gurutzatuta -hirigunetik, amaren jaioterrira, landa-eremura egindako bidaia fisiko baten ispilu izango da pertsonaien barne bidaia. Batez ere, Coco/Aitor protagonistarena.

Argazkia: Inicia Films
Nor naiz ni, zer izatera behartzen nau familiak/gizarteak?. Horiexek 20.000 especies de abejas filmean planteatutakoak. Eta Coco/Aitor/ edota Luciak ez du batere argi. Amak artelanak sortzeko buztinarekin egin bezala, eraikitzeko lehenik deseraiki egingo du haurrak, ‘nor naiz’ etengabe galdetuz. Erle espezie bezainbeste gorputz, identitate, edo deitura badirela, eta norberak bere izatearen hariak ehuntzeko askatasuna izan beharko lukeela erakutsiko digu Urresolak ozen. “Izenik ez duena ez da existitzen”, esango dio izeba zaharrak neskatoari, erle haztegiz inguratutako landetan, eta izen/izate horren bila jardungo film guztian zehar.
Eta kamerak ez du sekula gazte protagonista epaituko. Uneoro harengandik oso gertu kokatuko bada ere, ez du gogaituko, ezta akituko ere, Dardenne anaien zineman gertatu bezala, adibidez. Ikus-entzuleak istorioan sartuko dira aurreiritziak eta umekeriak guztiz baztertuta; neskatoaren barne pitzadura existentzialek eragiten dioten zurrunbilora. Nola erakutsi pertsona/haur transexual bat pantailan? Gorputzaren esposizio morbosotik aldenduz, gidoiaren lanketa sentiberak konflikto bisuala ekiditen du. Nahikoa da gaztea zuhaitz artera txiza egitera jarraitzea, edota harridura aurpegirik jarri gabe hark erabakitako izenarekin deitzea. Eta bidelagun, NAIZEN Adingabe Transexualen Familien Elkartea izan du zuzendariak. Hain zuzen ere, elkartekideek sare sozialetan bihotzez eskertu diote Urresolari “pantaila handira gure seme-alaben errealitatea maitasunez eta modu fidelean eramatea”.
Izan ere, sortzaile arabarrak errespetu osoz filmatu du haurra eta bere izatearen esplorazioa, bere aurreko film laburretako protagonista guztien antzera. Hain zuzen ere, horixe du baleko Urresolak, horrenbeste sari eta laudorioren muinean, pertsonaiak erretratatzeko intuizio emozionala dago: artifizioa ekidin eta naturaltasuna transmititu. Jardunbide honek eraman du laudioarra Berlinaleko sail ofizialean debutatzera, iaz Cuerdas obrarekin Cannesen ere izan eta gero. Eta begirada sentikor horrek irekiko dizkio urte bukaera bitarteko zinemaldi eta mostretarako ateak parez pare.