Miriam Martín zinemagile eta programatzaileak atonduta, sei saio izango ditu programak. “Gure eguneroko bizitzarako funtsezkoak diren kontsumo-ondasunen ekoizpenaren historia” ezagutaraztea da helburua.
NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako hitzordua da Punto de Vista jaialdia, eta 17. edizioa martxoaren 27tik apirilaren 1era izango du. Sail ofizialean lehiatuko diren filmak eta Peter Nestler dokumentalgile alemaniarraren obra erakustea helburu duen atzera begirakoa zein hiru fokuak iragarrita, festibalaren programazioa osatzeko asmoz, 2023ko atzera begirakoa zehaztu dute: Zuhaitzetatik urrun, funtsezko ondasunen ekoizpenean oinarritutakoa.
Miriam Martín zinemagile eta programatzaileak atonduta, iaz hasitako bideari helduko diote “zinema dokumentalaren bidez hurbileko gizarte eta natura inguruneari begirada berritu bat ematea” helburu duen programarekin. Kasu honetan, behar-beharrezko ondasunen ekoizpen prozesuari –arrantza, nekazaritza, abeltzaintza, etxebizitza– begira jarriko dira, baita beroni lotutako sistema konplexuari ere, gaurkotasunari lotutako gaia izanik, espezie bizi guztien mehatxu bihurtu baita.
Martinek azaldu bezala, “programa hau gaur egun zuhaitzetatik bereizten gaituen amildegira gerturatzen da, funtsezko ondasunen ekoizpenari erreparatzen dio denboraren luzean (eta zabalean), eta, ondorioz, omendu egiten ditu jatorrizko produktibitaterik eza, ekoizpen ez-industriala, iraupen ekonomia eta animaliak. Bai eta zenbait gizaki ere, denak haienaren artistak”.
Saio parte hartzaileak
Zinema dokumentalaren historiako film luzeak zein laburrak egongo dira atzera begirakoan ikusgai, garai guztietakoak, “gure eguneroko bizitzarako funtsezkoak diren kontsumo-ondasunen ekoizpenaren historia ezagutzera emateko” asmoz pentsatutakoak. Horietan, Samoa uhartea edota Orionkoko delta ezagutzeko parada egongo da, ur azpian desagertzear direnak; Sizilia eta Traslasierra haranak suak kiskal ditzakeela ere jakingo dugu; eta beste hainbat istorio, munduarekiko maitasuna eta defentsa aldarri dutenak.
Zuhaitzetatik urrun programak sei saio izango ditu Iruñeko Golem Yamaguchi zinema aretoan, aurkezpen eta solasaldiekin. Izan ere, atzera begirakoaren programatzaileak elkarrizketa ireki batean parte hartzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak.
Ezagutu egitaraua, jarraian.