Insomnioa ardatz, bakartutako gizabanakoez osatutako gizartearen gaitzak ditu hizpide sortzaile arrasatearrak bere lan berrienean. Ibizacinefest jaialdian erakutsiko du otsailaren 25ean.

Sorbeltza-kartela-zinea

Iban del Campo zinegile arrasatearrak Sorbeltza film laburra aurkeztuko du Eivissako Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdiaren 7. edizioan. Espainiar lurraldeko film laburrei eskainitako atalean ari da lehiatzen, Natxo Leuzaren WHY, Carlos Fernández de Vigo eta Lorena Ares Lagoren Amanece la noche más larga, Raul Barrerasen Arnasa, Estibaliz Urresolaren Cuerdas eta Leire Apellanizen La concha euskal ekoizpenekin batera.

Otsilaren 17tik 26ra bitartean ari dira Ibizacinefest jaialdia ospatzen, eta arrasatearraren Sorbeltza obra bihar, hilak 25, erakutsiko dute, 17:00etan. Del Campo bertan izango da, emanaldiaren ostean hitza hartuko baitu.

Erika Olaizola, Miren Gaztañaga, Joseba Apaolaza  eta Heren De Lucas dira film laburreko aktoreak, eta insomnioa du ardatz: Krisian dagoen bikote batek ‘loti eder bat’ gonbidatuko du belaontzi batean gaua beraiekin pasatzera. Helburua, lo ezina sendatzea.

Eusko Jaurlaritza eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin egindako filma da Limbus Filmak-ek ekoiztutako Sorbeltza. Pasaiako badian filmatu dute, euskaraz, eta formatu analogikoan (16mm). Ohi bezala, arrasatearrak Silvia Reurekin idatzi du gidoia, eta Harkaitz Cano ere batu zaie. Ion de Sosa arduratu da argazki zuzendaritzaz, Maialen Sarasua muntaketaz, eta Aitor Etxeberria soinu banda konposatzeaz. Guztira, 20 profesional inguruk osatu dute lan-taldea.

Loti ederra, belaontzian

Del Campok azaldu bezala, insomnioa antsietatearekin eta bakartutako indibiduoez osatutako gizartearen beldurrekin doa lotuta, gizabanako estresatu eta lehiakorrekin. Koronabirusak eta inoiz ezagutu gabeko krisi ekonomikoak, gainera, areagotu egin dute loa hartu ezin duten pertsonen kopurua.

Bada, film laburreko pertsonaiek belaontzi batean zibilizazio dekadentetik ihes egitea erabaki dute, itsasoan lasaitasuna bilatzeko eta naturarekin lotuta egoteko. Eta zinemagileak nabarmendu bezala, “krisi guztietatik irteteko beharrezkoa den ustezko espiritu ekintzaileari buelta ironikoa emanez, lo egiteko gai ez direnentzat edo bakarrik lo egin nahi ez dutenentzat loti eder gisa” aurkeztuko du protagonista.

Yasunari Kawabata idazle japoniarraren Loti ederren etxea (1961) kontakizuna izan du Del Campok inspirazio-iturri. Bertako “atmosfera narkotiko eta sensuala” zein Roman Polanskiren Knife in the Water (1962) filmaren “belaontzi klaustrofobikoa” ekarri nahi izan ditu bere unibertsora.