Dagoeneko jakingo duzue zeinen ikusgarria den Paul Urkijoren bigarren film luzea, hitz onak besterik izan ez dituena Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan denetik. Euskal Herrira ere iritsi zen lehen olatua iragan azaroan, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zenean. Orain, aldiz, uholdea iristear da, zinema aretoetan estreinatuko baita gaur bertan Irati filma.
Euskal mitologian oinarritutako istorio epikoa du abiapuntu, eta El ciclo de Irati eleberri grafikoaren egokitzapena da. Lamiak, jentilak, Mari, Sugaar, basajaun, zaldunak, borrokak, traizioa, epika, maitasuna, izaki ez gizatiarrak, sua… Erdi Aroan girotutako kontakizun klasikoa, gurera ekarria, kristautasunaren eta paganismoaren arteko gatazkaren testuinguruan. Ikus-entzuleentzako bazka asegaitza. Euskara hutsez gainera, euskal star-system propioari tiraka: Itziar Ituño enegarrenez, Eneko Sagardoy beti bezain fin, Ramon Agirrek ezin hutsik egin, eta deskubrimendu bat: Edurne Azkarate. Arrakasta izateko bermearen osagai guztiak ondo lotuak.
Naturaltzat jo dezakegun pausoa eman du Urkijok. Errementari (2017) opera primaren eta Dar-dar (2020) film laburraren ostean, euskal zinema fantastikoaren ordezkari bilakatu zaigu gasteiztarra, gaur arteko euskal proiektu garestienaren erantzule. Blockbuster-en tankerako ekoizpen ereduaren aitzindari, agian? Ipar Euskal Herriko ekoizleak, RTVE, EiTB -komunikazio taldeak euskal zinema babesteko duen konpromisoaz beste batean hitz egingo dugu…- eta hainbat euskal instituzioren laguntza jaso du, Karlos Argiñanorena barne.

‘Irati’ filma, Paul Urkijok zuzendutakoa
Izena duen guztia bada
Euskal mitologiak izanaren izaera galdua bazuen, zinemagile gasteiztarrak gogora ekarri digu berriz. Kobetan eta haitzuloetan betiko margotutako pinturetan irakur daitezkeen historia eta istorioak bezala, zinema bada tresna aproposa, komunitarioa, gaur egunekoa, ahanztura oroitzapen bizi bilakatzeko, norbere usadioei gorazarre egiteko.
Eta guk harrotasunaren domina paparrean daramagu egunotan, gure zinematografia Iratiko basoa bezain handi badela demostratzeko beharra sentitzen dugula dirudi. Gutxiagotasun konplexuak minduta bageunde bezala, munduari zer egiteko gai garen erakusten tematzen gara halakoetan. Egunkarietako orriak, tertuliak, sare sozialak bete ditugu beste behin, Altzoko erraldoiaren lekukoa hartuz.
Goraipamenak eta laudorioak dira nagusi euskarazko film batek ohi duen ekoizpen prekarioa gainditzen duenean. Badirudi begietatik soilik sartzen zaizkigula, irudiaren kalitatea eta garbitasuna eta efektu bereziak lehenesten ditugula; pelikula onaren definizioaren parte bailiran lez. Publizitate kanpaina indartsu batek lagunduta badoaz, hedabideak lagun, gainera, gurean kale egiteko arriskurik ez. Badugu aurrekari argi bat: Handia (2017).
133.296 ikusle izan zituen Jon Garaño eta Aitor Arregiren lanak. Eta zein aurrekontu? Zehatz jakiterik ez badugu ere, ICAAren arabera, 980.000 euro inguru jaso zituen laguntza publikoetan. Handia efektuaz ere hitz egin zen, pentsa (2018ko Durangoko Azokan izan genuen gaia hizpide). Zenbat ikusle eta aurrekontu, esaterako, urte bereko beste euskal produkzioek? Bi txirula (Iñigo Garcia), Elkarrekin – Together ( Migueltxo Molina, Pablo Ibarburu eta Igor Otxoa) edota Non (Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs) lanek? ICAAn dituzue datu zehatzak, baina aurreratzen dizuet jasotako babes ekonomikoa besteko oihartzuna izan dutela denek. Ezetz asmatu kalera irten eta euskarazko pelikulengatik galdetzean zenbatek gogoratuko dituzten azken horiek. Egin apustu, moriartitarren alde, Urkijoren alde, diruaren alde. Era honetako ekoizpenek ‘salbatuko’ ote dute euskal zinema?