Jaialdi espainiarraren 26. edizioa aurkeztu zuten atzo, sail lehiakorrean izango diren filmen zein gainerako atal eta jardueren berri emanez. Urrezko Biznaga eskuratu nahian, Una vida no tan simple (Felix Viscarret), Upon Entry (Alejandro Rojasen eta Juan Sebastián Vasquez) eta Las buenas compañías (Silvia Munt) izango dira; 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola), aldiz, lehiaz kanpo erakutsiko dute, itxiera-ekitaldian.
Martxoaren 10etik 19ra bitartean ospatuko da espainiar lurraldeko zinema jaialdien zirkuituko lehen hitzordu garrantzitsua, eta Peruko zinemagintza izango da ohorezko gonbidatua. Blanca Portillo aktorea, Yuyi Beringola script-a, Carla Simón zein Alberto Rodriguez zuzendariak eta Raphael abeslaria omenduko dituzte. Zendu berri diren Agustín Villaronga, Carlos Saura eta Yuyi Beringola ere artistak izango dituzte gogoan.
Guztira, 2.322 pelikula aurkeztu dira deialdira, eta azkenerako 200 ikus-entzunezko baino gehiago pantailaratuko dituzte. Sail ofiziala 22 lanek osatuko dute (12 espainiar lurraldekoak eta 8 latinoamerikar), eta horietatik 20 izango dira sari nagusia irabazteko hautagai. Otsaila hasieran aurreratu bezala, Berlinalen aurkeztutako eta Estibaliz Urresolak zuzendutako 20.000 especies de abejas (itxiera-ekitaldian eskainiko dutena, lehiaz kanpo) eta Felix Viscarret zinemagile iruindarraren lan berriena, Un vida no tan simple, bertan izango dira.
Orain, Silvia Muntek zuzendutako eta aurreko bi ekoizpenek bezala ETBren parte hartzea duen Las buenas compañías filma batu zaie. Alicia Falco, Itziar Ituño, Elena Tarrats, Maria Cerezuela, Ainhoa Santamaría eta Itziar Aizpuru ditu aktore, eta horiek 70eko eta 80ko hamarkadetara eramango gaituzte. Emakumeen eskubideen alde eta haurdunaldiak duintasunez eteten laguntzeko prest azaldu ziren emakume errenteriar talde baten istorioa izango du Irusoinek eta Oberon Media ekoiztetxe frantziarrak ekoiztutako proiektuak hizketagai. Malagako festibalean izan ostean, Hego Euskal Herriko zinema aretoetara iritsiko da, maiatzaren 5ean. Gainera, Tallin Black Nights Film Festival jaialdian estreinatu Juan Sebastián Vasquezen Upon Entry drama eta thriller psikologikoa ere arituko da lehian.
Málaga Premiere atal ez lehiakorrean, aldiz, 17 ekoizpen erakutsiko dituzte, eta Ana Murugarren zinemagile nafarrak El hotel de los líos. García García 2 estreinatuko du bertan. Film laburrei dagokienez, Maite Redondo Gazteluren La piel de Marte eta Natxo Leuzaren Why dokumentalak; eta Leire Apellanizen La Concha, Estibaliz Urresolaren Cuerdas zein Mikel Uralde Arrueren Hormak fikziozkoak izango dira berrikuntza nagusiak. Animazine sailean, gainera, Amanece la noche más larga (Lorena Ares, Carlos F. De Vigo) eta Txotxongiloa (Sonia Estévez Fernández) lanek parte hartuko dute.
Bestalde, sukaldaritza ardartz duen Cinema Cocina sailean, Beñat Gereka Bikuña getariarrak zuzendutako Itsasoak pizten gaitu dokumentala ere lehiatuko da. Aldiz, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko sortutako atalean, Alejandra Bueno de Santiagoren azken lana, Ezohikoak, ikusteko aukera egongo da.
MAFIZ industria saila
Malagako Zinemaldiko MAFIZ Industria sailean ere, euskal zinemagintza presente egongo da. Spanish Screenings-eko Regional Hub atalean, Ainhoa Andrakaren eta Zuri Goikoetxearen Cabeza y corazón izango da, Espainiako gurpil-aulkiko emakumezkoen saskibaloi selekzioak jokatutako lehiaketa aurre olinpikora eramango gaituena, baita Iratxe Fresnedaren Tetuan ere,
Bestalde, Neo Screenings atalaren baitan, Gelditasuna ekaitzean (Alberto Gastesi) eta My Way Out (Izaskun Arandia) opera primak proiektatuko dituzte; Malaga Short Corners-en, aldiz, Sonia Estevezen Malkoak film laburra erakutsiko du. Animation Day delakoaren WIP jardueretan Isabel Herguera zuzendari donostiarraren lan berriena ezagutzeko aukera egongo da: El sueño de la Sultana. Sail beraren Market Screenings merkatuan, gainera, Nuno Beatoren Los demonios de Barro lana egongo da.
Next From Spain sailak Nagore Eceizaren If You Wish To Make An Apple Pie proiektua eta Albertina Carriren Caigan las rosas blancas road-tripak ere parte hartuko dute. Azkenik, Málaga Work In Progress España atalean, Duero ibaiaren ertzean 50 urteko bi emakume elkartzen dituen Sobre todo de noche opera primarekin izango da Victor Iriarte.
Ohi bezala, Basque. Audiovisual. ekimenak euskal ikus-entzunezkoen sektoreko berritasunak ezagutaraziko dituen stand bat izango du. Gainera, euskal ekoizpenen online katalogoaren bertsio eguneratua aurkeztuko da bertan, www.basqueaudiovisual.eus webgunean ere eskuragarri egongo dena.