Mar de Platako (Argentina) Denak Bat Euskal Etxeak euskal zinemari eskainitako programazio berezia eskaintzen ari da egunotan, eragilea beraren 80.urteurreneko ospakizunen baitan. Amama (Telmo Esnal, 2015) filmaren proiekzioarekin eman zioten hasieran hilaren 16an, eta martxoaren 10era arte luzatuko da.

Lehen topaketa arrakastatsu baten ondoren, ostegunean, hilaren 23an, egingo dute bigarren saioa: Gorka Merchan donostiarrak zuzendutako lehendabiziko filma  ikusteko aukera izango da, Nire aitaren etxea / La casa de mi padre (2009), Carmelo Gomez, Emma Suarez eta Verónica Echegui aktoreak protagonista dituena. Txomin Garai (Gomez) protagonistak, enpresari eta pilotari ohiak, ETAk mehatxatuta Argentinan zenbait urte eman ondoren, bere anaia Koldo, zinegotzi abertzalea, hiltzear dagoela jakin eta etxera itzuli da. Bertan Gaizka iloba (Juan Jose Ballesta), kale borrokan dabilen pilotaria, ezagutuko du.

Zikloak martxoaren 2an jarraituko du, Tasio, 1994an Montxo Arnendariz nafarrak zuzenduriko lanarekin. Miguel Rellan eta Patxi Bisquert aktoreak ditu protagonista, eta Anastasio Otxoa Ruiz (Tasio) ikazkin nafarraren benetako historia du oinarri. Tasio, Lokiz mendilerroaren magalean dagoen herri batean osasuntsu eta zoriontsu hazten den haurra da. 8 urterekin, familiaren beharrak tarteko, mendian hasi beharko du lanean, aitak egiten dituen txondorretan laguntzen. 14 urterekin ikazkina egiten da eta handik gutxira Paulina ezagutuko du, bere bizitzako emakumea izango dena. Nahiz eta garai hartako zirkunstantziek gizonak lan finko batera egokitzera eta herrietatik hirietara emigratzera behartzen dituzten, Tasiok nahiago izango du bere askatasun pertsonala mantendu eta mendian bizi, bakardaderik handienean.

Azkenik, martxoaren 10ean, Aupa Etxebeste! (2005), Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako film gogoangarria ikusteko aukera izango da. Ramon Agirre, Elena Irureta eta Paco Sagarzazu protagonista dituen fikziozko lan honek Etxebestetarren abentura zoroa ekarriko du pantaila handira: oporretan irten behar diren egun berean, diru gabe geratzen dira. Herrikoen aurrean itxurak mantentzearren, oporrak etxean etxean gordeta ematea izango dute aukera bakarra. Egunek aurrera egin ahala, itxurakeriak alde batera utzi eta, euren arteko gezurrak eta miseriak elkarri aurpegiratu ondoren, bizitzako oporrik onenak igaroko dituzte.

Emanaldi guztiak 19:30tik aurrera egingo dituzte, Jose de Ariztimuño liburutegiko lehen solairuan.