Zuzendaria: Amat Vallmajor del Pozo
Urtea: 2023
Herrialdea: Euskal Herria
– Ta zer ez da berdin!–
Brian De Palmak 2000. urtean zuzendutako odisea galaktikoaren izenburua berreskuratuz, Martera bidean jarri gaitu Amat Vallmajor del Pozo zinemagile kataluniarrak bere opera primarekin. Zientzia fikzioa, drama familiarra eta surrealismoa uztartzen dituen, eta Elias Querejeta Zine Eskolan sorkuntza masterreko ikasle izanik garatu duen proiektua Berlingo Kritikarien 9. Astean aurkeztu du, Berlinaleko programazio ofizialaren mostra paraleloan. Aurretik Donostia Zinemaldiko WIP Europan edota Bartzelonako D’A Film Festivaleko LAB laborategian parte hartu du; gainera, Novos Cinemas zinema jaialdi galiziarreko Latexos sailean eta FICX – Xixongo Nazioarteko Zinemaldian aitortza bana jasotzetik ere dator.
Euskal Herri post-apokaliktikoan girotuta dago Misión a marte, non lanbro toxiko batek ingurugiroa kutsatzen duen: Txominek (langabezian dagoen euskal arkeologoak) Marte planetako peritu baten enkargua jasoko du, eta gaixo dagoen Gene anaiarekin batera, Eibarretik abiatuko du abentura, autoz, irratian Hertzainak taldearen kantak bidelagun dituztela.
Ez itzazue, baina, espazio-ontziak, lur-hartze agoniakoak edota efektu berezi ikusgarriak espero. Filmaren kartel ofizialak edo aurreikuspenek sor ditzaketen espektatibak berehala baretuko dira, lehen irudiak ikusi eta kontaketaren tonua barneratu bezain laster. Bederen, elementu arrotz bakarra lanbro toxikoa bera izango da, eta haren ohartarazpena: Hertzainaken Rokanrol batzokian kantaren saxofoi-melodia ironikoaren erreplikak lagunduta -EAEko ereserkiari keinu egiten diona; ‘Gora ta gora Euskadi!…’, gogoratzen?–, kalean egonez gero gas-maskarak jartzeko gomendio eleaniztuna entzungo dugu aldiro -euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez-. Bada, zientzia fikziozko generoari buelta ematera datorkigu Vallmajor del Pozo, adarra jotzera, abentura klasikoen heroismo oro deseraikitzera, gizatasunaren alde. De Palmarengandik oso urrun.
Auto barneko hizketaldiak aprobetxatuz, denetarik izango dute aztergai Txomin eta Gene anaiek, Euskal Herriko egoera soziopolitikoa, ekologia, ETA… gutako edonork izan ditzakeen elkarrizketa soilak dira, eta Mila arreba batuko zaienean, are naturalagoa bilakatu da pertsonaien arteko hartu-emana. Zein da Txominek burutu behar duen enkargua? Zerk gaixotu du Gene? Nondik azaldu da Mila? Berdin zaigu, bai guri, baita Vallmajor del Pozori ere. Egiatan, inporta duena pertsonaiek beren barnean sentitzen dutena da. Errebelde izateko garaia dela aldarrikatuko du kataluniarrak, heriotza, bukaera, gertu baita; aldiz, amets utopikoei heltzeko garaia ere bada!
Misioaren beraren premisa ia erabat ahaztuta, bukaerarik ez duen bidaiak iraganeko zauriak irekiko dizkie anai-arrebei, filmaren arreta-puntu nagusi bilakatuz. Vallmajor del Pozok ondo landutakoa du bere apustua, eta argi dauka lotsagabeki astindu nahi dituela giza sentimenduak. Berarenak propio ardatz hartuz. Familiartean eratu du filma zine-eskolako ikaskideen partaidetzarekin, eta senideak -Txomin del Pozo, Gerardo “Gene” del Pozo, Mila del Pozo eta Manel Vallmajor- protagonisten haragitan jarriz. Txikitan osaba-izebekin Kataluniatik Eibarrera egindako bidaiak daude Misión a marteren oinarrian, eta oroitzapen horietatik abiatuta, “imajinazioari hegan egiten” utziz eraiki du proiektua.
Baina, bikoitza da sortzailearen atzera begirakoa, sentipen pertsonaletan ez ezik, arlo artistikoan ere nostalgia baita ageri. Zuri-beltzetan, eta 16 mm-tan errodatuta, desagertzear dagoen zinema egiteko aldarte eta pultsioari ari zaio omenalditxoa egiten: zientzia-fikziozko klasikoak -De Palmaren odisea inpertsonala barne-, road movie intimistak –Nebraska (Alexander Payne, 2013)-, kultuzko film independenteak –Dead Man (Jim Jarmusch, 1995)-, edota berriki argia ikusi duten martzianada kosmikoak –Espíritu sagrado (Chema García Ibarra, 2021); Destello bravío (Ainhoa Roidriguez, 2021)-. Entretenimenduzko zinemaren kode narratibo eta formal irisgarrietatik -irensten eta barneratzen errazak direnak- aldenduz ere, abenturazko zinema egin daitekeela berretsi du kataluniarrak. Diru-iturri eta baliabide tekniko desfasaturik barik. Sentimenduak ez baitaude salgai, baizik eta zintzotasunaren menpe.