Asteburuan ospatu du Zinematografia eta Telebistako Arteen Akademia Britainiarrak BAFTA sarien 2023ko edizioa, Londresko Royal Festival Hall antzokian. Netflixek ekoiztutako eta Lehen Mundu Gerran girotutako proiektu alemaniarra izan da nagusi.

BAFTA 2023-zinea

14 hautagaitzarekin zerrendaburu bazen ere, All Quiet on the Western Front (Edward Berger) ekoizpen alemaniarrari The Banshees of Inisherin (Martin McDonagh) gailenduko zitzaiola argi ikusten zuten askok, Zinematografia eta Telebistako Arteen Akademia Britainiarraren sariketa-ekitaldian. Batetik, lurraldean bertan garatutako lana delako; bestetik, Veneziako Mostran lehenik (gizonezko aktore onenaren eta gidoi onenaren sariak bereganatu zituen), eta Urrezko Globoetan gero (komedia generoko film onena, gizonezko aktore onena eta gidoi onena), arrakastatsu izan berri delako. Oscar sarietarako 9 kategorietan sartu dute ere, eta ikusteke dago Hollywoodeko Akademiak zein jarrera izango duen.

Bada, sorpresa itzela hartu zuten bart BAFTA sarien 2023. edizioa jarraitu zuten zinemazaleek. Bergerrek zuzendutako eta Lehen Mundu Gerran girotutako film belikoak zazpi garaikur lortu ditu, Martin McDonagharenari aurre hartuz: film onena, zuzendari onena, egokitutako gidoi onena, argazki zuzendaritza onena, soinu banda onena, soinu onena eta ingelesaz besteko film onena izendatu dute. Netflixek bultzatutako proiektuak itzalpean utzi du Irlanda mendebaldeko uhartean bizi diren bi lagunen afera. Azkenerako, baina, The Banshees of Inisherin ez da esku hutsik gelditu: film britainiar onena, jatorrizko gidoi onena, taldeko emakumezko eta gizonezko aktore onenak -Kerry Condon eta Barry Keoghan, hurrenez hurren-.

Ia ziurtzat ematen zen Colin Farrellek gizonezko aktore onenaren saria bereganatuko zuela, baina Rock and Roll musikaren erregea izandakoari aurpegia jarri dion Austin Butlerrek eraman du BAFTA saria. Elvis (Baz Luhrmann) proiektuak, gainera, arlo teknikoan ere izan du aitortza: makillaje eta ile apainketa onena, jantziteria zein casting onenak.

Emakumezko protagonista onenaren kategorian ez da zalantzarik izan. Cate Blanchettek aurten ez du parekorik, TÁR (Todd Field) filmeko musika konposatzaile eta zuzendariaren interpretazioa zur eta lur uzten ari da. Eta zinemagile berrien zein animaziozko film luzeen ataletan ere, aurreikuspenak bete dira: Aftersun (Charlotte Wells) izendatu dute opera prima onena, eta Guillermo del Toro’s Pinocchio lan animatu onena. Aldiz, sari bakarra lortu du Everything Everywhere All at Once (Daniel Kwan and Daniel Scheinert) lanak, muntaketa onenarena.

Ezagutu irabazleen zerrenda osoa, jarraian.