Fukuda Katsuhiko zuzendari japoniarra, Ana Poliak zinemagile argentinarra eta Pascale Bodete dokumentalgile frantziarra izango dira protagonistak.
NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako hitzordua da Punto de Vista jaialdia, eta 17. edizioa martxoaren 27tik apirilaren 1era izango du. Sail ofizialean lehiatuko diren filmak eta Peter Nestler dokumentalgile alemaniarraren obra erakustea helburu duen atzera begirakoa iragarrita, festibalaren programazioa osatzeko asmoz, hiru fokuak nori eskainiko dizkioten zehaztu dute antolatzaileek: Fukuda Katsuhiko, Ana Poliak eta Pascale Bodet.
Batetik, zinema asiarraren historiari eta orainari erreparatuko diete Katsuhikoren Kusatori kusagami (The Grasscutter ‘s Tale, 1985) filma berreskuratuz. Ricardo Matos Cabo programatzaile portugaldarrak ondu du fokua, eta haren aurkezpen ilustratu batekin batera proiektatuko da filma. Fukudaren beste lan batzuen laburpenak, haren ibilbideari buruzko informazioa eta haren jardunbideak eragina izan duen filmen irudiak erakutsiko dira bertan.
2006an programatutako Mila urteko zinea ziklo aitzindaria, Japoniako zinema dokumentalaren historiari eskainitakoa, berrartzeko balioko du saioak. Edizio honetako helburua “iraganean hasitako elkarrizketarekin jarraitzea eta Asia Ekialdeko herrialdeetan egindako ez-fikziozko zinemaren historia Europan gehiago zabaltzen laguntzea” dela nabarmendu dute.
Bestetik, Askatasuna, posible al da? Ana Poliaken zinema izenpean, Lucia Salas programatzaileak zinemagile argentinarrari eskainitako fokua prestatu du. Adinez nagusi diktadura garaian bilakatu ziren gazteen belaunaldikoa da Poliak, krisi ekonomiko eta politikoak bete-betean harrapatu zuenekoa. 80ko hamarkadan ekin zion filmak zuzentzeari, baina ofizialki ez zen Argentinako Zinema Berriko partaide izan, garaikide izan zituen sortzaileen gisan.
Golem Yamaguchi zinema aretoetan hiru saio bikoitz egingo dituzte. ¡Qué vivan los crotos! (1990), La fe del volcán (2000) eta Parapalos (2004) film luzeak, eta bakoitzaren aurretik, film labur bana pantailaratuko dituzte: Suco de sábado (1987), El eco (1990) eta Caracol (1982). Poliak Iruñean izango da filmok aurkezten, eta Salas programatzailearekin batera solasaldia eskainiko du ere. Argentinako enbaxadaren laguntza du zikloak, eta apirilean Espainiako Filmoteka eta Kataluniako Filmoteka bisitatuko ditu.
Azkenik, Pascale Bodeten hiru abentura fokuaren baitan, Tunisian jaio eta Frantzian bizi den zinemagilearen lan-dokumentalak eskainiko dituzte. Hiru film luze ekarriko dituzte: Le carré de la fortune (2007), Porte sans clé (2018) eta Presque un siècle (2019). Emanaldien aurretik eta ondoren, Pablo García Canga zikloaren programatzailearen eta Bodeten arteko solasaldiak izango dira. 16. Punto de Vista jaialdiko Film Onenaren Sariaren irabazle izan da sortzailea, Baleh-Baleh (2021) filmarekin.
Informazio osagarria, jarraian.