Surfaren inguruko ikus-entzunezko sorkuntzak ikusteko aukera egongo da otsailaren 23tik 26ra bitartean, Bilboko Itsasmuseumean. Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival egitasmoaren helburua surfaren unibertsoa sustatzea izanik, 45 film erakutsiko dituzte.

BSFF 2023-zinea

TAUI MEDIA SL-ren eskutik, “surf zinemaren edertasuna eta emozioa” bueltan dira. Atzo, otsailak 16, aurkeztu zuten Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival jaialdiaren 2023ko edizioa, Bilbon: 38 lan ariko dira sari nagusiaren lehian, eta 7 lan gonbidatu ere ekarriko dituzte, lehiaz kanpo erakusteko.

Getxon, Muxikebarri zentroan egingo dute irekiera-ekitaldia hilaren 23an, eta filmetako eta jaialdiko gainerako erakusketa eta jardueretako zuzendari eta surflari protagonistak bilduko dira. Euskal Herriko sei film labur -Igor Bellidoren Arcade, Wiseman eta Marea Viva; Jon Aspururen Teahupoo; Mikel Abasoloren Nemesis; eta Javi Goyaren Oreka– eta Australian ekoiztutako film luze bat -Bentley Deanen Facing Monsters– pantailaratuko dituzte ekimenari ongi etorria emateko asmoz.

Gainerako emanaldi guztiak, ordea, Bilboko Itsasmuseumean egingo dituzte. 26 film europar, 5 amerikar, 5 australiar eta 2 afrikar lehiatuko dira sail ofizialean. Besteak beste, sorta osatuko dute 80ko hamarkadan surfean emakumearen irudia nola erabiltzen zen erakusten duena Girls Can’t Surf (Christopher Nelius), Julie Gomez zuzendari kataluniarraren 265 días sin olas, surfak skater batentzat duen sendatzeko ahalmena kontatzen duen Humanity Stoked (Michael Ien Cohen), edota aipatutako Facing Monsters bera.

Gonbidatutako filmei dagokienez, Isio Noya eta Eduardo Bartoloméren Dark Mundaka eta Rainy surf day in Rokaputa; eta Sunny Breger eta Annika von Schützen The Stringer/El Alma azpimarratu dituzte programatzaileek.

Ohi bezala, epaimahaiak hainbat sari emango ditu, eta ikus-entzunezkoek ere beraien lan gogokoena erabakitzeko eskumena izango dute: film onena, film labur onena, film action sports onena, tokiko film onena, eta epaimahaiaren saria. Gainera, La Salve argazki lehiaketaren eta BSF Online Surf Txapelketaren sariak banatuko dituzte ere.

Saioetarako sarrerak festibalaren egoitzetan bertan eta www.bsff.eus webgunearen bidez erosteko aukera egongo da. Gainera, pelikula batzuk Filmin plataformaren bidez ikusi ahal izango dira.

Zinemaz harago

Pelikulen emanaldiez gain, hitzaldiak, musika kontzertuak eta jarduera ezberdinak garatuko dituzte, surfari lotutako jarduera osagarri gisa. Besteak beste, Ana Urrutia kazetari eta surflariak, otsailaren 25ean yoga hastapen ikastaroa emango du. Xabi López olatu handietako surflariak, eta Zurine Larrazabal zinemaldiko koordinatzaileak parte hartu dute.

Aurtengo edizioko berrikuntzen artean, Itsasmuseoan doan ikus daitezken bi erakusketa iragarri dituzte, hala nola, Jorge López de Guerenu artista eta surflariaren artea eta surfa uztartzen dituen erakusketa, eta #LaSalve2023 surf argazki lehiaketan parte hartuko duten piezak.

Azkenik, surf egokituari buruzko mahai-ingurua egingo da, baita berau ikustaraztearen eta gizarteratzearen aldeko martxa solidarioa ere. Taula jasangarriei zein ingurumen-sentsibilizazioari buruzko bi topaketa (Kurri eta Less Plastic) eta Europako Surf Jaialdien Sarea sortzeko akordioaren aurkezpena hartuko ditu festibalak, Paris eta Portugalgo surf jaialdietako ordezkariekin batera.

Informazio gehiagorako, sakatu hemen.