Berri Txarrak taldearen azken bira ardatz duen Dardara (Marina Lameiro) dokumentala Iruñeko Civivox Condeastable aretoan emango dute gaur. Saioari 19:30ean ekingo diote, eta Gorka Urbizu musikariak aurkeztuko du.
2021eko martxoan estreinatu zuten Dardara, Iruñeko Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren irekiera ekitaldian, eta jarraian heldu zen zinema areto komertzialetara. Harrera beroa izan zuen ikus-entzunezkoak, eta besteak beste, Donostiako Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdian izan zen ikusgai.
Gaur, aldiz, Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarlanean antolatuta, sorterrian proiektatuko dute Marina Lameiroren dokumentala, 19:30ean, eta Gorka Urbizu gerturatuko da Civivox Condestable aretora proiektua aurkeztera, Berri Txarrak musika taldeko sortzaile eta abeslaria. Ostean, ikus-entzuleekin iritziak partekatzeko tartea hartuko du. Sarrera doan da, edukiera bete arte.
Zikloak jarraipena izango du datozen asteetan. Martxoaren 15ean, Ritxi Lizartzak eta Juan San Martinek zuzendutako AINARAK (2022) filma emango dute; martxoaren 28an, aldiz, Lanartea – Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak sustatutako Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte (2022) dokumentala.
Munduari bira, zaleak bidelagun
2019a, bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, etenaldi mugagabe baten berri eman zuen Berri Txarrak taldeak. Horrekin batera, urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte (1994-2019) agur bira iragarri zuten ere, zeinaren bitartez mundu osoko agertokietan arituko ziren azkenekoz. Marina Lameiro zinemagileak bertatik bertara jarraitu zuen bira, eta bertan jasotakoak aurkeztuko ditu Dardara film luzean.
Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta, Lameirok erretratu koral bat egin du. Zale guzti horiek hari komun batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikak. Filmean Lekunberriko musikariek utzitako arrastoa ikusiko dugu, estilo baten —rocka—, hizkuntza baten —euskara— eta belaunaldi baten —bere kideena— mugez harago, fenomeno unibertsal bihurtzeraino egindako bidea.
25 urtean taldeko konposatzaile, gitarra-jole eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera dokumentalak. Pasioari buruzko filma da; bai Gorkak sortzaile gisa sentitzen duen zirrara horren, eta baita taldearen zaleek erakusten duten zirrara horren ingurukoa.
Jarraian duzue Marina Lameirorekin izan genuen solasaldiaren laburpen bideoa: