Ángel Santos Touza, Haruka Hama eta Marcos Uzal profesionalak izango dira 2023ko festibaleko sail ofizialean lehiatuko diren filmak ikusi eta baloratzeaz arduratuko diten epaimahaikideak. X Films proiektu irabazlea aukeratzeko eskumena izango duten profesionalen berri ere eman dute.
NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako hitzordua da Punto de Vista festibala, eta 17. edizioa martxoaren 27tik apirilaren 1era izango du. AEBn, Frantzian, Espainian, Senegalen, Japonian, Argentinan, Mexikon, Alemanian eta Euskal Herrian ekoiztutako filmak aukeratu ditu hautaketa-batzordeak 2023ko jaialdiko sail ofizialean erakusteko, guztira, 18 lan izango dira Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusiaren lehian.
Bada, festibal iruindarreko arduradunek atzo iragarri zuten horiek ikusi eta baloratzeaz arduratuko diren nazioarteko profesionalak: Ángel Santos Touza zinemagile eta programatzaileak, Haruka Hama Yamagata-ko (Japonia) Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren arduradunak, eta Marcos Uzal Cahiers du Cinéma aldizkariko erredaktoreburu, kritikari eta programatzaileak osatuko dute epaimahaia.
10.000 euroko sari nagusiaz gain, ondoko aitortzak banatuko dira 17. edizioan: Zuzendari onenaren Jean Vigo saria (5.000 euro), Film labur onenaren saria (3.000 euro, EITBren babesarekin), Publikoaren sari berezia Film onenari (1.650 euro), Gazteen saria Film onenari (1.500 euro, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin). Gaineratu dutenez, nazioarteko epaimahaiak bi aipamen berezi ere eman ahalko ditu, diru saririk gabekoak.
X Films proiektuko epaimahaia
2010. urteaz geroztik Punto de Vistak hiru errealizatzailei luzatzen die gonbita, Nafarroan filmatuko den dokumental saiakera baten proiektua aurkezteko. X Films proiektuak Juan Huartek 1963an sortutako ekoiztetxe nafarretik hartu zuen izena; haren ideia baitzen interes artistiko bereziko filmak bultzatzea.
Mezenas espiritu hura berreskuratzeko asmoz, jaialdia produktore bilakatzen du ekimen honek, zinemagile berriei obra berri bat sortzeko aukera eskainiz eta, aldi berean, ez-fikzioaren panoramaren ahots berriak Nafarroan ezagutzera emanaz. Bada, 2023ean, Daniela Delgado Viteri, Anna López Luna eta Ilan Serruya izango dira sormen erronkari helduko dioten zinemagileak, eta horien lanaren epaile nor izango den ere zehaztu du zinema jaialdiak.
Gloria Vilches CCCBko Xcèntric programaren koordinatzailea, Marian Fernández Pascal ekoizlea eta Ramiro Ledo erakusle eta banatzailea izango dira epaimahaikideak, eta proiektu irabazlea aukeratzeko eskumena izango dute. Garaileak, hurrengo urtean filmatze lanak Nafarroan egin ostean, Punto de Vista jaialdiaren 2024ko edizioan estreinatuko du bere sorkuntza.