Sail ofizialean lehiatuko diren iraupen laburreko ekoizpenek 3.000 euroko saria eskuratzeko aukera izango dute. Tartean dira, Maria Elorzak eta iaz zendu zen Iñigo Salaberriak ondutako Al borde del agua, eta Peru Galbetek euskaraz errodatutako Bide bazterrean hi eta ni kantariekoizpenak.
Komunikazio-taldeak jakitera eman duenez, martxoaren 27tik apirilaren 1era Iruñean gauzatuko den Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioan EiTBk film labur onenaren saria babestuko du. Guztira, 13 herrialdetatik hautatutako 18 proiektu lehiatuko dira sail ofizialean, eta horien artean, zortzik izango dute 3.000 euroko diru-saria eskuratzeko aukera.
Iraupen laburreko ekoizpenen artean daude 2023ko Punto de Vista festibalean euskal parte hartzea duten bi proiektuak. Batetik, Maria Elorzak eta iaz zendu zen Iñigo Salaberriak ondutako Al borde del agua; bestetik, Peru Galbetek euskaraz errodatutako Bide bazterrean hi eta ni kantari, Joxean Artxe poetaren ingurukoa. EITBk babestuko duen film labur onenaren sariaren lehian izateaz gain, 10.000 euro opari dituen jaialdiko sari nagusiaren bila ere ariko dira.
Xehetasunak argitzen
NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako hitzordua da Punto de Vista festibala. AEBn, Frantzian, Espainian, Senegalen, Japonian, Argentinan, Mexikon, Alemanian eta Euskal Herrian ekoiztutako filmak aukeratu ditu hautaketa-batzordeak 2023ko jaialdian erakusteko, eta gaur gaurkoz, atzera begirako baten berri ere eman dute. Es nahen andere Zeiten / Bestelako garaiak datoz izenpean, Peter Nestler dokumentalgile alemaniarraren lanak aurrenekoz egongo dira Euskal Herrian ikusgai.
Gainera, ohi bezala, jaialdiko ekimenetan parte hartzeko nahia agertzen duten haur eta gaztetxoek bost egitasmo baliatuz goza ahalko dute esperientziaz: NOLA ENTZUTEN DIRA IRUDIAK? lantegia; NATURAKO HAURRAK: LANDAREAK, GIZAKIAK ETA BESTE ANIMALIA BATZUK familientzako film labur dinamizatuen saioa; MOVING CINEMA X PUNTO DE VISTA PROGRAMATZAILE GAZTEAK programazio lantegia; CINE EN MARCHA. LA ACTUALIDAD DE LOS LUMIÈRE, DBH eta Batxilergo mailako ikasleei zuzendutako saioa; eta GAZTE EPAIMAHAIA.
Jaialdiko emanaldiez gozatu eta bertako industria jardueretan parte hartu nahi duten profesionalek, kazetariek zein ikasleek akreditazioak eskatzeko epea ere zabalik dute.