Nerea Ibarzabalen gidoia eta Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa duen proiektua muntaketa-fasean sartuko da orain. Lan-taldeak aurreratu duenez, 2023an bertan estreinatzea espero dute.

Betiko gaua-Eneko Sagardoy-zinea

Bere lehenengo film laburraren errodajea bukatu berri du Eneko Sagardoy aktore, eta orain, zinemagile durangarrak. Arabako Mendiaodean errodatuta, Miren Gaztañaga eta Elena Irureta ditu aktore nagusi Betiko gaua-k: Mirenek Elena antzemango du alokatutako auto bat gidatzen eta errepidean barrena jarraituko dio.

Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazle bizkaitarra idatzi du euskara hutseko proiektu honen gidoia, eta Sumendi Filmak, Galapan Productions eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa du. Halaber, Maite Arroitajauregi eta Aran Calleja musikariek sortu dute soinu banda, eta Arturo-Pol Camprubí izan da argazki zuzendaria. Soinu diseinuaz eta nahasketaz Xanti Salvador arduratu da.

Bada, behin hartu beharreko irudiak hartuta, Maialen Sarasua buru, muntaketa prozesuan sartuko da lan-taldea. Aurreikusi dutenez, 2023an zehar estreinatuko dute Galapan Productions eta Sumendi Filmak ekoiztetxeak elkarlanean sortutako laugarren lana. Aurrekoak:  Kinka (Maider Oleaga, 2021), Berak baleki (Aitor Gametxo, 2021) eta Irrits (Maider Oleaga, 2021).

Kamera aurretik atzera

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Sagardoyk Mondragon Unibertsitatean eta, hain zuzen, ikasle garai hartan egin zituen lehen lanak aktore gisa: Goenkale telesaila, Amaren Eskuak (Mireia Gabilondo, 2012) film luzea eta hainbat film labur. Aktore lanetan trebatuz joan ahala, genero desberdinak landu ditu bere ibilbidean zehar, izan antzerkigintza, telebista edo zinemagintza, euskaraz eta gaztelaniaz.

Hamarretik gora film zein telesailetan parte hartu du bizkaitarrak, horietako hainbat nabarmen arrakastatsuak: La Higera de los bastardos (2017), Handia (2017), Errementari (2018), Soinujolearen semea (2018), Hil Kanpaiak (2020), Patria (2020), Hondar Ahoak (2020) edo Irati (2022). Hain zuzen, horietako batekin heldu zitzaion nazioarteko errekonozimendua: Handia filmaren protagonista izan zen, Migel Joakin Eleizegi antzeztuz, eta Goya sari bat eskuratu zuen betetako lan bikainagatik.

2020an Sumendi Filmak ekoizpen etxea sortu zuen Ander Sagardoy anaiarekin eta, hainbat filmen ekoizpenean jardun ostean, diziplina berri batean murgilduko da orain bizkaitarra.