Espainiar Estatuko eta EAEko erakundeak eta streaming plataformak Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra betetzen ari ez direla salatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Hekimen Elkarteak eta Pantailak Euskaraz ekimenak gaur Donostian egindako agerraldian. 2022ko uztailaren 8tik dago indarrean ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 13/2022 lege orokorra.
Estatuko hizkuntza gutxituetako komunitateek egindako eskaera gehienak aintzat hartu ez zituen arren, hizkuntza mugimenduek eta hainbat alderdik egindako lanari esker, 2022ko uztailean onartutako lege honek hizkuntza gutxituekiko betebehar txiki batzuk ezarri zizkien telebista publikoei, pribatuei, zein eskaera bidezko telebistei (streaming plataformei). Hain zuzen ere, Legea indarrean sartu zenetik 6 hilabete bete diren honetan, hizkuntza gutxituekiko hainbat xedapenek bete gabe jarraitzen dutela salatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Hekimen Elkarteak eta Pantailak Euskaraz ekimeneko kideek.
Legea onartutako garaian emendakinak aurkeztu zizkioten aipaturiko eragileek eta, gaurko agerraldian azpimarratutakoaren arabera, horietan nabarmendutako urraketek bere horretan jarraitzen dute egun. Izan ere, legeak hainbat betebehar ezartzen ditu telebistek eta plataformek bete beharreko hizkuntza koofizialetako kuotei eta hizkuntza gutxituetako edukietara bideratu beharreko diru-sarreren portzentajeei dagokionez, eta hauek betetzeko, orohar, 2023ko urteko epea uzten die. Plataforma batzuk hasiak dira dagoeneko euskarara bikoiztutako eta azpidatziriko eduki kopurua handitzen, baina ez dira jadanik indarrean dauden hainbat artikulu betetzen ari.
Hauek dira, zehazki, indarrean egon arren momentuz bete gabe jarraitzen duten atal batzuk:
* Legearen 5. Xedapen gehigarriko 1. atala: RTVEk haurrei zuzenduriko kateetan eta hauen katalogoetan edukiak autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara, hau da, euskara, galego, eta katalanera, bikoiztuta eskainiko dituela bermatuko du, 12 urte arteko ikusleentzat diren edukietan bereziki. Era berean, publiko orokorrari zuzenduriko edukiak hizkuntza ofizialetara bikoiztu eta azpidatzita eskainiko ditu.
* Legearen 5. Xedapeneko 3. atala: Eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen hornitzaileek (streaming plataformek), autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu beharko dituzte euren katalogoetako edukietan (erakunde eskudunek euren eskura doan jartzen dituztenean), bikoizketa/azpidazketa hori diru publikoz egin denean, hizkuntza bertsio hori telebista publikoen jabetzakoa denean, edo bikoizketa/azpidazketa horrek erakunde eskudunak ziurtaturiko kalitate maila duenean.
* Legearen 5. Xedapen gehigarriko 4. atala: Eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen hornitzaileek (plataformek), autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko dituzte, bilaketa- edo sustapen-sistemen eta haietara sartzeko erraztasunen bidez, horretarako bazkideen geolokalizazio sistema baliatuz.
* Xedapen hauez gain, ez telebista lineal publikoak, eta ezta eskari bidezkoak ere, ez dira ezgaitasunak dituzten pertsonen ikus-entzunezkoetarako irisgarritasuna euren hizkuntza ofizialean bermatzeko artikuluak betetzen ari.
Gainera, 6 hilabeteotako kezka areagotu duen ikerketa baten berri ere eman dute: UEMAk bere udalerrietako haurren ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aztertu ditu eta ondorioetako bat da Clan TV dela lehen hezkuntzako haurrek gehien ikusten duten katea. Argitu dutenaren arabera, Espainiako Gobernuari eta RTVEri dagokie legean jasotako gutxieneko neurri horiek ere errespetatzea, baina ez da betetzen ari. Bestalde, azaldu dute streaming plataformak “bideragarritasun teknikoaren” aitzakiari heltzen ari direla bikoiztutako bertsiorik ez eskaintzeko. Euskal Herriaren kasuan, aurreko guztia betetzea eta gainbegiratzea ikus-entzunezkoetan eskumenak dituzten euskal erakundeei dagokie, bai eta moldaketa tekniko horiek erraztea ere.
Kontuak Espainiar Gobernuari, RTVEri, EJri eta EiTBri
Hortaz, gaur eginiko agerraldia baliatu dute Espainiar Gobernuari eta RTVEri, Eusko Jaurlaritzari eta EiTBri, bai eta streaming plataformei ere, eskatzeko legea betetzeko urratsak eman ditzaten, ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia biderkatzeko. Era berean, beharrezkoa ikusten dute Eusko Jaurlaritzak EiTB bitartez sortuko duen eskaera bidezko PRIMERAN plataforma berrian euskara izatea lehenetsitako hizkuntza eta euskarazko kalitatezko edukiak eskaintzea.