2023an, ikus-entzunezko atal berri bat inauguratu dugu ZINEA atarian. Euskal Herriko zinema zuzendarien filmografiak errepasatzeko asmoz, bideo sorta  osatzen joango gara FILMOGRAFIAK izenburupean.

Izan zirelako gara eta, noski, garelako izango dira. Doakie, beraz, gure begirunea.

El espíritu de la colmena (1973), eta El sur (1983) lanek eman zioten nazioartean ospea VICTOR ERICEri (Karrantza, 1940), europar zinemagintzako zinemagile garrantzitsuenen artean kokatzeraino. El sol del membrillo (1992) sortu zuen gero, eta ordutik bestelako proiektuetan murgilduta egon bada ere, bere laugarren film luzerik ez dugu ezagutu. Bada, 30 urte luze pasa dira, eta badirudi aurki berriz izango dugula bizkaitarren berri: Cerrar los ojos argia ikustear da 2023an; Manolo Solo, José Coronadoeta Ana Torrent aktoreek parte hartu dute bertan.

1963an Ikerketa eta Esperientzia Zinematografikoen Institutuan graduatu zen Erice, eta Los Días Perdidos film ertaina izan zen bere gradu amaierako lana. Aldiz, lehen film luzea, Los desafíos (1969), Claudio Guerín eta Jose Luis Egearekin batera zuzendu zuen, Donostia Zinemaldian Zilarrezko Maskorra bereganatuz. Gerora sortu zuen El espíritu de la colmena arrakastatsua, jaialdi donostiarreko sari gorena irabazi zuena; eta Cannesen ere izan zuten karrantzarraren berri: El sol del membrillo-k Epaimahaiaren Saria lortu zuen 1992ko edizioan.

Inoiz bukatu gabeko proiektuen boladan murgildu zen Erice, eta publizitatean lan egin ostean, hainbat ekoizpen kolektibotan parte hartu zuen: Celebrate Cinema 101 (1996) eta Ten Minutes Older: The Trumpet (2002), Abbas Kiarostami zinemagile irandarrarekin Erice.Kiarostami.Correspondències (2006) edota Theo Angelopoulosekin, Un lugar en el cine-n (2007) proiektuetan.

Berriki, Jorge Oteizari eskainitako bideo-instalazioa eraiki du Bilboko Arte Ederren Museoan, BBVA Fundazioaren laguntzaz: Harria eta zerua. Jorge Oteiza, oroipen bat (2021).