Euskadiko Filmategiak bultzatuta, eta María Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatuta, hainbat belaunalditako euskal emakume zinemagileen jarduna errepasatuko duen argitalpena jaio da. Proiektuak “esplorazio akademiko eta dibulgatibo bat” eskainiko du, eta euskaraz zein gaztelaniaz eskuratu daiteke.
Duela hiru urte Euskadiko Filmategiak martxan jarritako zikloaren izena berreskuratuz, erakundeak Euskal emakume zinemagileak argitalpena aurkeztu du gaur, Donostian. María Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatu du liburua, eta emakume zuzendariek hainbat genero eta formatutan egindako obretatik abiatuta, euskal zinemaren berri ematea izan du helburu proiektuak. Sortzaileen produkzio filmikoak panorama zinematografikoan presentzia indartsurik ez duela “begi bistakoa” dela azpimarratuz, horiengan fokua jartzea ezinbestekoa dela iritzi du Rodriguezek: “Emakumeek egindako filmen gorakadak gure gizartea bere osotasunean ulertzeko nahitaezko begirada batekin aberastu du zinemagintza, eta emakume ikusleei identifikatzeko aukera handiagoa eman dieten erreferenteak eskaini dizkie”.
Liburuaren koordinatzailearekin batera, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Isabel Herguera zinemagile eta liburuaren azalaren egilea, Izaskun Arandia zinemagilea eta HEMEN elkartearen lehendakarikidea, eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria izan dira erakundeak Tabakaleran duen egoitzan. Azken honek euskal zinemaren historiako “parekidetasun eskasa” salatu du, sortu den bibliografian ere euskal emakume zinemagileen perspektibatik egindako ikerketak urriak izan direla gehituz. “Mikroskopiotik baino, teleskopiotik begiratuta egindako lan honetan, ordurarteko gabeziak neurri batetan arintzea zen helburua; azken finean, joerak azpimarratzeko, gabeziak deitoratzeko eta, batez ere, talentuak egiaztatu eta ospatzeko balio duelako”.
Liburuaren egitura
Euskal emakume zinemagileak liburuak “esplorazio akademiko eta dibulgatibo bat” eskaintzen duela azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek, eta argitalpenaren egitura ere zehaztu dute. Lau atal nagusi ditu:
- Ikuspegi globalak: Euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoa lantzen du hainbat ikuspegitik: gaiak, generoaren errepresentazioa edo haien filmen aniztasun estetikoa eta formala.
- Generoak, formatuak eta moldaketak: Euskal emakume dokumentalgileen begirada aztertzen du, baita ere Kimuak programak egindako lana; aldi berean, produkzio transnazionalak eta literatura obren egokitzapen zinematografikoak ere esploratzen ditu.
- Ekoizpena, distribuzioa eta harrera: Zenbait elkarte eta zinemaldik emakumeek egindako zinema bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emateko egindako ahaleginak biltzen dira, baita ere haien harrera kritikoaren eta akademikoaren aurrerabidea.
- Hiru emakume zinemagile: Euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon.
Atal bakoitzean gaian aditu diren egileek parte hartu dute: Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, María Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, María Pilar Rodríguez, María José Olaziregi Alustiza, Javier Sánchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutiérrez, Elena San Julián, Pilar Martínez-Vasseur, Annabel Martín eta Luisa Etxenike.
Aurkeztu berri duten liburua Euskadiko Filmategia osatzen ari den bildumaren parte da, euskal zinemagintzako izen handiez osatutakoa: Ana Díez, Helena Taberna edo Yannick Bellon eta Álex de la Iglesia, Fernando Larruquert, Antxon Eceiza eta Enrique Urbizu, besteak beste. Argitalpen guztiak Euskadiko Filmategiko webgunean eta liburu dendetan eros daitezke.