Ekimenaren 21. edizioa ekainaren 5etik 11ra bitartean ospatuko dute. Movibeta, Festhome eta FilmFreeway plataformen bidez egin daiteke izen-ematea, apirilaren 10era arte.

C21_deialdia-zinea

CAOSTICA komunikabide, ikus-entzunezko ekoizpen, diseinu grafiko eta pedagogiaren arloko Bilboko profesional talde bat da, urte luzeko ibilbide eta eskarmentua duena ekitaldi hezigarri eta  kulturalen prestaketa zein promozioan. Hala, urtea zehar ospatzen diren Bilboko kultur agendaren ekimen eta hitzordu andanaren eragile eta antolatzaile dira, tartean, aurten 21 urte beteko dituen Caostica – Nazioarteko Film Labur eta Bideoklip jaialdia.

Film proposamen alternatiboak aurkezten dituzte bertan, eta musikarekin eta beste kontu askorekin nahasirik, zinemaz gozatzeko eskaintza interesgarria egoten da Bilboko hirian. Bada, ekainaren 5etik 11ra bitartean egingo dute 2023ko hitzordua.

Zabaldu duten deialdiari erreparatuta, hiru ataletan aurkeztu ahalko dira lanak: Bideozinema atala, Bideoklip atala, eta Animazio atala. Hiruretan sarituko diren lanek 1.000 € jasoko dituzte. Gainera, Caostica Kultura Elkarteak Bizarro Saria (1.000 euro)emango dio jaialdiaren baloreekin bat datorren lanik “lotsagabe, berritzaile, bitxi, adeigabeko, martetar, baldar, arraro, arriskutsu, ausart eta adoretsuenari”. Halaber, euskaraz sortutako Lan Onenaren Saria  banatuko dute; horretarako, euskaraz egindako eta jaialdiaren edozein sailetan aurkeztutako lanen artean onena aukeratuko du epaimahaiak. Irabazleak garaikurra eta 500€-ko saria jasoko ditu.

Egileek nahi beste film labur aurkez ditzakete, betiere 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztu badira. Movibeta on-line plataformaren, Festhome edo FilmFreeway webgunearen bitartez  bidal daitezke, eta 2023ko apirilaren 10era arteko epea izango dute horretarako.

Ezagutu deialdiaren oinarriak eta baldintzak, hemen.