Nahigabetuta irten naiz zinema aretotik. Esperantza izpi bat baneukan Damien Chazelleren lanik berriena ikusi aurretik, nahiz eta filmari buruz irakurritako ia guztiak haren kontra egiten duen. Whiplash-ekin egin zen ezagun zinemagile estatubatuarra, eta La La Land-ek zeharo maitemindu gintuen. First Man-ekin ilargia bere egingo zuela uste izan zuen; espazio-ontziak aire hartu bai, baina lurreratzerik ez du izan. Erdibidean gelditu da, The Eddy telesaila bezala. Eta orain, Babylon ekarri digu.

Argumentuari erreparatuz, filmak ez dauka lotura zuzenik Kenneth Angerrek 1959an argitaratutako ‘Hollywood Babylon’ liburu polemikoarekin, non 1900-1950 bitarteko txutxu-mutxu, eskandalu, festa, hartu-eman eta desfasearen istorioak bildu zituen. Polemikoa, bertan idatzi zituenak gezurra zirela salatu zutelako benetako protagonistek. Egia edo gezurra izan, liburu sortak deskribatzen duen unibertso kaotikoak badu isla 188 minutu luze irauten duen Chazalleren film desorekatuan.

20ko hamarkadako Los Angelsen girotuta, desagertzear dagoen bizimodu, negozio-eredu, eta ekosistemaren azken urteak izango ditu hizpide Babylon-ek. Teknologiaren garapenak ahalbidetutako soinu sinkronizatuak mundu berri bati leihora ireki aurrekoak: zinema mutuaren urrezko aroa. Zinematografoaren lehen proiekzioak aspaldi eginak ziren, eta hizkuntza propioa garatuta, industria bilakatzear dago Hollywood auzoan kokatutako pelikula-estudioen jarduna. Produkzio-katea etengo duen mehatxurik ez begi bistan, hiru-lau-bost pelikula batera errodatzen, emakumeak barne!, bata-bestearen alboan eraikitako set txikietan. Azken eguzki-izpira arte aprobetxatuz, desertua gudu-zelai bihurtuz. Zinema izarrak (Jack Conrad/Brad Pitt), pobreziatik ateratzeko asmoz edozein aukera baliatzeko borrokatuko diren herritar xumeak (Nellie LaRoy/Margot Robbie); etorkin mexikarrak (Manny Torres/Diego Calva), musikari afroamerikarrak (Sidney Palmer/Jovan Adepo)… denak ongietorriak paradisuan. Hura bai benetako Babilonia!

Eta noski, errodaje egun emankor baten ostean, festa. Drogak, sexua, alkohola, eta, noizean behin, heriotzaren bat edo beste. Chazallek berak ere pozik hartuko luke enkontru desfasatu horietako batera joateko gonbidapena. Bitartean, ondoen dakiena egitearekin konformatu beharko du: errodatu. Ezin uka daiteke XXI. mendeko zinema-koreografo handienetako dela zinemagile estatubatuarra. Kamera aurrean jendetza koordinatu behar duenean maisu, musikari eta soinu bandari etekina ateratzen parekorik gabekoa.

Babylon II-bloga-zinea

Iparra galduta, noraezean

Besaulkian eseri, eta ordubetez, begiak klikatzeko paradarik ere ez dugu izango. Irekiera-sekuentzia amaigabeak pertsonaia nagusiak aurkezteko balio badio ere, harago doa zinemagilearen indar-erakustaldia. Filma gorpuztuko duten elementu eta osagai guztiak batu eta koktel barroko, desfasatu, neurrigabeko eta esplosiboa eskainiko digu, ilusioz betetakoa, masiboa, distiratsua, utopikoa. La La Land ikusita dantzatzeko gogoa piztu bazitzaigun, oraingo honetan zer esanik ez.

Baina Chazallek arazo bat du: zenbat eta koralagoa izan errodatu beharreko pasartea, are etekin handiagoa aterako dio sortzaile estatubatuarrak. Edo alderantziz hobeto. Zenbat eta pertsona gutxiago agertu kamera aurrean, orduan eta pertsonalagoa izan istorioa, zinemagile estatubatuarra are deserosoago sentituko da. Protagonisten patuan sakondu ahala, interesa eta indarra galduko du narratibak, erakutsi beharrekoa dagoeneko erakutsi baitigu lehendik ere filmak. Esatera datorrenak, esateko moduak, eskuetatik ihes egingo dio Chazalleri; handinahiak itsututa, noraezean jaurtiko ditu geziak, zeinek dianan jo zain. Zorte-kolpe baten bila lez.  Eta fokua Hollywood-Babilonia ekosisteman bertan jarri beharrean, mila partikulatan banatzeak ahuldu egiten du pelikula. Pertsonaia bakoitza ez baita izango filma bera sustengatzeko gai. “Divide et vinces”, zioen Gaius Iulius Caesar-ek. Chazalle, zuk ez!

Ametsen fabrika eratu berriak inoiz bizi izan duen krisi handienaren eragilea estreinatzearekin batera The Jazz Singer (Alan Crosland, 1927)-, protagonistek maldan beherako ibilbidea hasiko dute, filmak berak egin bezala. Iparra galduta, noraezean doan kontakizuna bilakatuko da Babylon. Gidoiak hartuko duen norabide surrealistak -infernurako jaitsiera esplizitua barne-, gainezka egindako Robbieren interpretazioak, eta filmak omendu nahi dituen klasikoekiko dependentzia etsiak, onura ekarri beharrean, kalte egiten diote. Lotsarik barik interpelatuko ditu Sunset BoulevardSingin’ in the Rain edota Nuovo Cinema Paradiso. Horiei keinu egiteak bere filma altxatuko duelakoan.

Babylon III-bloga-zinea

Krisi garaiko izar krepuskularrak

Gizabanakoen igoera eta erorketa jorratu izan ditu Chazallek bere proiektu guztietan. Gaiak tematu egiten du, bestela, gogoratu Whiplash-eko bateria-jotzaile gaztearen burugogortasuna, edota Neil Amstrong astronautaren amets eroa, First Man-en. Baina Babylon-ek harreman estuena La La Land-ekin du. Beste behin, zinemaren industria ardatz hartuz, zinemak mutu izateari (noizbait hala izan zela ontzat emanez gero) utzi zion garaiari heldu dio estatubatuarrak oraingoan, eta anker jokatuko du bere pertsonaiekin. 20ko hamarkada zoriontsu hartako bizipozak eta zoramenak mito krepuskular bilakatuko du.

Filmaren erdialdera, pelikularen pasarte hunkigarrienean, Jack Conrad zinema izarrak, goibel, hurbileko duen kultur kazetari batengana joko du, idatzi dituenak zergatik idatzi dituen kontu eske. Ikusleek jada ez dute haren interpretazioekin emoziorik sentitzen, areago, barre egingo dute; baina benetan akabatuta ote dago? Zergatik hilobiratu bizpahiru urte lehenago denek miresten zuten aktorea? Bizitzaren legea dela argudiatuz, kazetariaren erantzuna zintzoa da: “Dagoeneko zure garaia pasatu da, ez zara zinema bizitzen ari den trantsizio-arora egokituko. Baina etorkizunean, gaur filmak egiten zabiltzaten guztiak hilda zaudetenean, norbaitek pelikula-kutxak berreskuratuko ditu, eta mamu guztiak batera, eterno bilakatuko zarete. Biziberritu egingo zarete, eta ikus-entzuleek berriz miretsiko zaituzte”.

Babylon-blogaIV-zinea

Argi dago gaurkotasunenik pentsatuta dagoela sekuentzia, ez filmaren unibertso diegetikotik. Malenkoniatik, alegia. Filmaren itxierak emango dit arrazoia: aro berrira egokitzeko modurik aurkitu ez eta droga-arazoetan sartuta hondoa jota dagoen LaRoy aktoreari laguntza eman nahian, Torres zinema exekutibo mexikarrak aferan barruraino sartuta bukatuko du. Behartuta, Los Angeles utzi eta Mexikora alde egingo du. Urte batzuk beranduago, familia berriarekin itzuliko da hirira, eta noizbait lantoki izan zuen estudiora gerturatzean hunkitu egingo da. Paseotxo bat eman eta zinema areto bat ikustean, bertara sartzea erabakiko du, besaulkian eseri eta bat-batean konturatuko da pantailak erakusten dionak berak haragitan bizi izan zuela zenbait hamarkada lehenago. Melodia ezagun bat, gertuko dituen koreografiak, bihotzean gordeta dituen urte oparo eta zoriontsuak.

Berehala azalduko zaigu pantailan Gene Kelly euripean dantzan, baina bai Maria Falconettiren eta Anna Karinaren negar malkoak ere. Arnold Schwarzenegger robotizatua, eta izakitxo urdin hegalariak batek jakin zein unibertsotan. Erreferentzia argia da, zinemazale orok harrapatuko duguna. Horrela, pantaila handiaren aldeko aldarriarekin agurtuko da Chazalle, zinema arte-industria-espereintzia kolektiboa dela gogoraraziz. Erresistentzia ariketa. Krisiak krisi, eraberritzen, mutatzen, eta bizirauten jarraitzen duen Babelgo Dorrea, XXI. mende teknologiko-digitalean bada ere.