Euskal Herria zeharkatuta, hamaika txokotan emango dute otsailean Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako Bi Arnas (2022) dokumentala. Tolosan hasita, otsailaren 1ean, Getarira (Lapurdi), hilaren 23an.

Iragan maiatzaren 22an aurkeztu zuten Irungo Amaia Kultur Zentroan, Sorzabal sendiaren jatorrizko herrian (irakurri kronika, hemen). Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du lanak, eta Jon Mikel Fernández Elorz eta Imanol ‘Kima’ Arzuaga izan ditu sustatzaile nagusiak. Estreinaldiaz geroztik, Hego Euskal Herriko hainbat herritan egon da ikusgai, eta 70. Donostia Zinemaldiko ZINEMIRA sailean ere erakutsi dute (irakurri kritika, hemen).

Horren ostean, Europaren bihotzera bidaia egin du dokumentalak urrian, izan ere, Alemaniako dozena erdi bat herritan egon da ikusgai, ‘Repression, Missbrauch und (sexualisierte) Folter in spanischen Gefängnissen’ izenpeko zikloaren baitan.

Azaroan, aldiz, Hego Euskal Herrira egin zuen itzulera, eta hainbat saio egin zituzten urte amaitu bitartean. 2023an ere, filma han eta hemen erakustea da asmoa. Bide horretan, otsaileko emanaldi zerrenda iragarri berri dute:

  • Otsailak 1: TOLOSA
  • Otsailak 10: BAKIO
  • Otsailak 10: ZUMAIA
  • Otsailak 13: ZESTOA
  • Otsailak 14: BERGARA
  • Otsailak 14: ERRENTERIA
  • Otsailak 20: DONIBANE LOHIZUNE
  • Otsailak 23: GETARIA (Lapurdi)

Dokumentalari buruz

Mari Nieves Diaz amaren eta Iratxe Sorzabal alaba torturatuaren testigantzak jasotzen dituen sorkuntza lana da Bi arnas. Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bildu dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Pako Etxeberria auzi mediku eta tortura kasuen ikertzailea; eta Serge Portelli, Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.

Dokumentala bere herrian ikusi edo programatu nahi duten elkarte zein udalek, biarnasdokumentala@gmail.com helbidearen bidez lotu ditzakete pasea.