Alauda Ruiz de Azua zinemagile bizkaitarraren opera primak hiru Feroz sari lortu ditu, sariketaren 10. edizioan: gidoi onena (Ruiz de Azua), film bateko emakumezko aktore protagonista onena (Laia Costa) eta taldeko emakumezko aktore onena (Susi Sanchez). Telesailen arloan, Borja Cobeaga donostiarrak sortutako No me gusta conducir gailendu da.

Feroz sariak-cinco lobitos-zinea

Ezin eztabaida daiteke espainiar lurraldean ekoiztutako filmen kalitateak nabarmen egin duela gora azken urtean. Ikusi besterik ez dago nazioarteko zinema jaialdietan izan duten ordezkaritza, sari garrantzitsuak barne. Uzta ona izan da, eta non/zer aukeratu izan dugu zinemazaleok. Datorren otsailaren 11n banatuko dituzten Goya sariak izango dira horiek errekonozitzeko hitzordu nagusia, akademikoen boto bidez aukeratuko baitira 2022ko film, aktore eta arlo teknikoetako mugarriak. Baina, industriaren parte diren profesionalen erabakiek, askotan, zalantzak sortu izan dituzte; arrisku falta, zuzentasun politikoa etab. egotzi izan zaie. Horregatik, bestelako ikuspegi kritiko batetik urteko ekoizpen basatienak aitortzeko asmoz, Feroz sariak jaio ziren duela 10 urte, Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak antolatuta.

Bada, iragan larunbatean, urtarrilaren 28an, ospatu da 2023ko ekitaldia, Zaragozan, eta badirudi baretu egin direla duela hamarkadako nahi eta asmoak. Aurkaririk ez du izan As bestas landa-eremuko thriller galiziarrak. Drama generoko film onenaren saria, taldeko aktore onenaren saria (Luis Zahera) eta soinu banda onenarena (Oliver Arson) eskuratu ditu, Goya sarien galan gerta daitekeenaren aurrekari izanik. Gau borobila izatea ekidinez, bi arantzatxo: garaikurrik gabe utzi dituzte Rodrigo Sorogyen, zuzendari onenaren kategorian hautagai zen gizonezko errealizadore bakarra, eta Denis Ménochet aktore frantziarra; aldiz, Berlinalean Urrezko Hartza irabazi zuen Alcarràs filmaren sortzailea aldarrikatu dute zinema kazetari eta kritikariek, eta gizonezko aktore onena, Nacho Sánchez (Mantícora, Carlos Vermut). Komedia generoko film onena, bestalde, Competencia oficial (Gastón Duprat) izan da. Film iraultzaileak saritzen dituen Arrebato kategorian La piedad (Eduardo Casanova) fikziozko lanak eta La visita y un jardín secreto (Irene M. Borrego) ez-fikziozkoak izan dira nagusi.

Sorpresarik ere ez da izan emakumezko aktoreei dagokienez. Malagako Jaialdiko efemeridea errepikatuz, Cinco lobitos filmeko bi izarrak nabarmendu dituzte iragan larunbatean: aktore protagonista onena hautatu dute Laia Costa, eta taldeko aktore onena, aldiz, Susi Sanchez. Ruiz de Azua zinemagile bizkaitarra ere igo da agertokira, gidoi onenaren saria jasotzera. Ardo botila artean geratu behar izan dute, ordea, Ramon Bareak (taldeko gizonezko aktore onenaren kategorian hautagaia), eta Aranzazu Callejak (jatorrizko musika onenaren kategorian hautagaia).

Ez da ordea, ikus-entzunezko euskal industriak izan duen proiektu goratu bakarra izan.  Telesailei tartetxoa egitean hasi ziren duela lauzpabost urte Feroz sarietan, eta arrakastatsua izan da, aurtengo edizioa. Borja Cobeaga donostiarrak sortutako No me gusta conducir lanak hiru errekonozimendu izan ditu: komediazko telesail onena, gizonezko aktore protagonista onena (Juan Diego Botto) eta taldeko gizonezko aktore onena (David Lorente). Patricia López Arnaiz, bere aldetik, taldeko emakumezko aktore onena izendatu dute, Intimidad telesailean egindako lanagatik; Txintxua films ekoiztetxearen proiektuan parte hartu duen Itziar Ituño esku hutsik itzuli da. Drama generoko telesail onena La ruta (Borja Soler eta Roberto Martín Maiztegui) izan da.

Aldarrikapenez betetako gala

Aurreko 9 edizioetan aurkezle izan diren aktore eta komedianteek izan dute 2023ko hitzordua gidatzeko ardura, eta denek ere modu dinamikoan eutsi diote zamari. Agertokiaren bestaldean, hautagaiekin batera eserita, Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Kultura ministroa eta Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Bigarren Presidenteordea izan dira, taula-gainetik zetozkien aldarrikapenak entzuten.

Bob Pop aktore, idazte eta komikoa izan da gezia jaurtitzen lehena. Kazetaritzak, eta batez ere, zinema arloko informatzaileek bizi duten prekarietateaz gogor jardun du, lan-baldintzak eta utzikeria instituzionala salatuz. Testigua, Maria Guerra Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteko presidenteak hartu dio, babes eske agintariengana zuzenduz.

Galako unerik hunkigarriena, baina, 10. edizioko Ohorezko Feroz sariaren hartzailearen eskutik iritsi da. Pedro Almodovar izan da omendua, eta begiak negar-malkotan blai, bere ama izan du gogoan. Emozioak baretuta, osasun publikoaren aldeko hitzak izan ditu, Madrilen gertatzen ari den sarraskia modu gordidnean kritikatuz.

B aurpegia, iluna, biharamunean ezagutu dugu. Sariketa-ekitaldiaren osteko festan bi emakumek sexu abusuak salatu dituzte, eta Espainiako Polizia Nazionalak ikerketa abiatu du.

Ezagutu irabazleen zerrenda, jarraian.