AEBn, Frantzian, Espainian, Senegalen, Japonian, Argentinan, Mexikon, Alemanian eta Euskal Herrian ekoiztutako filmak aukeratu ditu hautaketa-batzordeak 2023ko jaialdian erakusteko. Tartean, Maria Elorzak eta iaz zendu zen Iñigo Salaberriak ondutako Al borde del agua, eta Peru Galbetek euskaraz errodatutako Bide bazterrean hi eta ni kantari film laburrak daude.
Manuel Asín jaialdiko zuzendari artistikoak, Ignacio Apezteguia Morentin Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak, eta Teresa Morales de Álava Punto de Vista festibaleko zuzendari exekutiboak Baluarten aurkeztu berri dute 2023ko zinemaldia. NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako hitzordua martxoaren 27tik apirilaren 1era gauzatuko da, eta dagoeneko ezagun dira 17. edizioko egitarauaren ardatz nagusiak.
Guztira, 60 herrialdetatik jasotako 800 film inguruk agertu dute Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko interesa, baina sail ofizialean 18 proiektu lehiatuko dira (10 programetan banatuta), gaur egungo zinema dokumentalaren adierazgarri direnak. Perun, AEBn, Frantzian, Espainian, Senegalen, Japonian, Argentinan, Mexikon, Alemanian eta Euskal Herrian ekoiztutako filmak aukeratu ditu Lucía Salas, Miguel Zozaya, Lur Olaizola, Pablo García Canga eta Manuel Asínek osatutako hautaketa-batzordeak.
Sortzaileei erreparatuz, Sharon Lockhart, Miryam Charles, Ignacio Agüero, Alassane Diago edota Maria Elorza eta Iñigo Salaberria zendu berriaren lanak ikusi ahalko dira, baita Peru Galbete, Malena Zambrani edo Gábor Vargarenak ere. Mundu mailako sei estreinaldi, nazioarteko bat, Europa mailako bi, eta espainiar lurraldean aurrenekoz ikusgai izango diren zortzi lan ariko dira 10.000 euro opari dituen sari nagusiaren bila.
Epaimahaia oraindik ere argitu ez badute ere, sari nagusiaz gain, ondoko aitortzak banatuko dira 17. edizioan: Zuzendari onenaren Jean Vigo saria (5.000 euro), Film labur onenaren saria (3.000 euro, EITBren babesarekin), Publikoaren sari berezia Film onenari (1.650 euro), Gazteen saria Film onenari (1.500 euro, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin). Aurreratu dutenez, Nazioarteko Epaimahaiak bi aipamen berezi ere eman ahalko ditu, diru saririk gabekoak.
Jarraian duzue sail ofizialeko filmen zerrenda:
- Al borde del agua (Maria Elorza eta Iñigo Salaberria. Euskal Herria). 20′ – Munduko estreinaldia
- APOCALIPSIS 20 21 22 (Julius Richard Tamayo. Espainia). 65′ – Munduko estreinaldia
- Bide bazterrean hi eta ni kantari (Peru Galbete. Euskal Herria). 9′ – Munduko estreinaldia
- Boulevards de la Senne (Juliette Achard eta Ian Menoyot. Belgika). 11′ – Munduko estreinaldia
- Cette maison (Miryam Charles. Kanada) 75′
- Chaylla (Claire Teper eta Paul Pirritano. Frantzia) 72′ – Estreinaldia espainiar lurraldean
- De songes au songe d’un autre miroir (Yunyi Zhu. Frantzia). 16′ – Estreinaldia espainiar lurraldean
- Éclaireuses (Lydie Wisshaupt-Claudel. Belgika). 90′. Estreinaldia espainiar lurraldean
- El polvo ya no nubla nuestros ojos (Colectivo Silencio. Peru). 25′ – Estreinaldia espainiar lurraldean
- Eventide (Sharon Lockhart. AEB). 35′ – Estreinaldia espainiar lurraldean
- Maayo Wonaa Keerol (Alassane Diago. Senegal, Alemania, Frantzia). 105′ – Estreinaldia espainiar lurraldean
- Miyama, Kyoto Prefecture (Rainer Komers. Japonia, Alemania). 97′ – Nazioarteko estreinaldia
- Nagyapám kertje (Gábor Varga. Hungaria). 24′ – Estreinaldia espainiar lurraldean
- Notas para una película (Ignacio Agüero. Txile, Frantzia). 105′ – Estreinaldia espainiar lurraldean
- Notre Village (Comes Chahbazian. Belgika). 67’ – Estreinaldia espainiar lurraldean
- Teléfono, Navidad (Malena Zambrani. Argentina). 14′ – Munduko estreinaldia
- Tembiapo Pyharegua (Elvira Sánchez Poxon eta Christian Bagnat. Espainia). 120′ – Munduko estreinaldia
- Tótem (Unidad de Montaje Dialéctico. Mexiko). 65′ – Estreinaldia espainiar lurraldean
Jaialdiaren kartela
Misha Bies Golas artista plastikoak sortu du 2023ko Punto de Vista festibaleko diseinua. “Irudia osatzen duten argazkiak sorta handiagoko batekoak” direla azaldu dute aurkezpenean arduradunek, eta berau sortzeko “larrukigintzako tailer baten hondakinen artetik ebakinak hartu eta, katalogazio modura, ehun bat erregistro atera” dituela nabarmendu dute.
Gaztelako benta baterako kartak egitean sobera geratutako pergaminoak oinarri hartuta, larrukigileak egindako lerro zuzenez gain, Bies Golasek eginiko kurbadun mozketak ere agertzen dira, okerragoak. Halaber, tentsio puntuak ere badira, larruginak larrua aldez aurretik bere tailerrean tenkatzean egindako zuloen ondorioz. Argi kutxa baten gainean banan-banan indibidualizatutako zati horien argazkiak egin zituen egileak, Asia hego-ekialdeko edo Turkiako itzal antzerkien mekanika imitatzeko asmoz. Ikusten diren tonu bariazioak lanpara fluoreszenteen oszilazioen interpretazio askea dira.