Loraldiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzeko bost tailer prestatu dituzte. Bizkaia Aretoan gauzatuko dira, eta erreferente diren sortzaileek gidatuko dituzte. Paul Urkijok euskal zinemaren gaur egungo egoera izango du hizpide, apirilaren 29an.

Sormen Ola-tailerrak-zinea

Euskal kulturaren transmisioa sustatzeko xedez, 16 eta 29 urte arteko gazteek gai monografiko bat lantzeko aukera izango dute Sormen Ola egitasmoa baliatuz, hainbat diziplina artistikoetako profesional bidelagun. Bada, Jon Maya, Patxo Telleria, Joseba Sarrionaindia, Iholdi Beristain, Paul Urkijo, Miren Amuriza eta Amaia Egidazurekin batera, musika, literatura, artea, antzerkia, gantza, bertsolaritza eta ikus-entzunezko arloak jorratuko dituzte partaideek, sormena eta irudimena bultzatuz.

Larunbatean, urtarrilaren 28an, ekingo diote Loraldiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako egitasmoari, Dantza garaikidea sustraietatik tailerrarekin, eta maiatzera arte, beste lau hitzordu finkatu dituzte. 5 orduko iraupena izango du tailer bakoitzak (09:30etik 15:00etara), eta antolatzaileek azaldu dutenez, “parte hartzeko ez da esperientzia berezirik behar”. Zehaztu dute ere aukera dagoela ikastaro bakarra, edota bostak, egiteko.

Ikus-entzunezko arloari dagokionez, Paul Urkijo zinemagileak, bere esperientziatik abiatuta, euskal zinemaren gaur egungo egoera aztertuko du, apirilaren 29an, Bilboko Bizkaia Aretoan. Errementari (2017), Dar-Dar (2020) edota, otsailaren 24an Hego Euskal Herriko zinema aretoetara iritsiko den Irati (2022) film sarituaren sortzailea da gasteiztarra, historiako lehen euskal zinemagilea  Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen.

Ikastaroan izena eman nahi dutenek, online dute horretarako aukera, 15 euro ordainduz. Hala ere, EHUren Bizkaiko campuseko ikasleentzat doan izango da.

Udako olaren loraldia

2022an martxan jarritako egitasmoaren jarraipena da Sormen Ola – Gazteentzako Kultur Transmisio Tailerrak ekimena. Izan ere, uda sasoian, gazte-sormen egonaldiak antolatu zituzten Lekeition, 6 eguneko bi txandatan.

Kultur sormena piztea, euskaraz egiten den kultura garaikidea ezagutzea, sortzaile profesionalekin harremanetan jartzea, gazte giroan disfrutatzea, kostaldeko herriko udako giroaz gozatzea, euskaraz mintzatzea eta hunkitzea. Horiexek egonaldiak izan zituen helburu nagusiak, eta horretarako, egun bakoitzerako tailer teoriko-praktiko bana prestatu zuten, hitza, soinua, irudia eta gorputz arloak lantzeko asmoz.