Sormena eta ikasteko grina bultzatuz, eta pentsamendu zientifikoa sustatzeko erronkari eutsiz, XII. Euspot lehiaketara proposamenak bidaltzeko epea zabalik da. Maiatzaren 29ra bitartean aurkez daitezke 30 segundoko iragarkiak. Guztira, 3.000 euro baino gehiago banatuko dituzte saritan.

euspot-2023-kartela--zinea

Aretxabaletako Udalaren, Arteman Komunikazioaren, Mondragon Unibertsitatearen, Arizmendi Ikastolaren eta Bai Euskarari elkartearen arten antolatutako ekimena da Euspot lehiaketa, euskarazko spotak sortu eta lehian jartzen dituena. Aurten, gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030) egitasmoa batu zaie, babesle nagusia bilakatuz.

ZIENTZIALARI ETA IKERTZAILE IZAN NAHI DUT! lelopean, bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko, gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko eta munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzeko helburuz aurkeztu dute Euspot lehiaketaren hamabigarren edizioa: “STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) gaiak gazteengana hurbildu eta balioetsi nahi dira, eta STEAM eduki eta lanbideen interes eta ezagutza maila handitu, haien garapen profesionala eta etorkizuneko gizartearen eraikuntzan duten parte-hartzea errazteko. Sormena eta ikasteko grina bultzatu nahi dira, pentsamendu zientifikoa sustatuz”.

30 segundoko iragarkiak eskatu dituzte. Maiatzaren 29ra arte egongo da proposamena bidaltzeko aukera, eta aurreko bi edizioetako berrikuntzei jarraipena emanez, formatu librea izango du, hau da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean ala bertikalean. Guztira, 3.000 euro baino gehiago banatuko dituzte saritan.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskainiko du spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

Informazio osagarria, hemen.