Hautatu dituzte 2023ko Laburbiran ikusgai izango diren filmak. Martxoaren 6tik apirilaren 5era bitartean ospatuko da zirkuitu ibiltaria, eta emanaldiak programatu nahi dituzten herrietako erakunde zein elkarteak galdegin dituzte.

 

Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei bultzada emateko egitasmoak antolatzen. Besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Benito Ansola beka, urteko euskal ekoizpenak biltzen dituen Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia film laburren rallya egiten dituzte, baita Laburbira ere, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria.

Hain zuzen ere, helburu birekin jarduten dute Laburbira zirkuituaren antolakuntzan: euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea eta euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzea. 2023ko martxoaren 6tik apirilaren 5era bitartean ospatuko dute 20. edizioa, eta ohi bezala, herriz herri erakutsiko dituzte hautatutako lanak.

Aurtengo programaren parte izan nahi duten zinemagileek urtarrilaren 15era arte izan dute zabalik haien proiektuak aurkezteko epea. 2022an ekoiztutakoak, euskarazkoak eta 20 minututik beherakoak behar zuten izan lanok. Bada, ezagutarazi dute jada zazpi proiektu hautatuen zerrenda:

  • Muskil (Marina Pedrosanz)
  • Olatuen Isiltasuna (Maria Bartolome, Eric Campos eta Fernando Martin)
  • Irrits (Maider Oleaga)
  • Erlojupekoa (Leire Egaña)
  • Hitzak (Josu Martinez)
  • Asko falta da? (Ane Cuesta)
  • Kuadro goriari heldu (Iulen Arana)

Emanaldiak antolatzeko eskaerak

Euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta izanik, Laburbirak 2023 urtean zehar ekoitzitako film labur adierazgarrienak ezagutu eta berauetaz gozatzeko aukera eskainiko die euskal herritarrei. Horretarako, elkarte eta udalen izen-ematea zabaldu du webguneanotsailaren 12ra arte.

Interesatuek bertan aukeratu dezakete martxoaren 6tik apirilaren 6ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horretaz gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere dagoela gogorarazi dute antolatzaileek.