Aktore lanetan trebatutako Eneko Sasgardoy aktore Durangarrak bere lehen film laburra zuzenduko du 2023an: Betiko Gaua. Nerea Ibarzabalen gidoia eta Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa izango ditu proiektuak.

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean eta, hain zuzen, ikasle garai hartan egin zituen lehen lanak aktore gisa: Goenkale telesaila, Amaren Eskuak (Mireia Gabilondo, 2012) film luzea eta hainbat film labur. Aktore lanetan trebatuz joan ahala, genero desberdinak landu ditu bere ibilbidean zehar, izan antzerkigintza, telebista edo zinemagintza, euskaraz eta gaztelaniaz.

Hamarretik gora film zein telesailetan parte hartu du bizkaitarrak, horietako hainbat nabarmen arrakastatsuak: La Higera de los bastardos (2017), Handia (2017), Errementari (2018), Soinujolearen semea (2018), Hil Kanpaiak (2020), Patria (2020), Hondar Ahoak (2020) edo Irati (2022). Hain zuzen, horietako batekin heldu zitzaion nazioarteko errekonozimendua: Handia filmaren protagonista izan zen, Migel Joakin Eleizegi antzeztuz, eta Goya sari bat eskuratu zuen betetako lan bikainagatik.

2020an Sumendi Filmak ekoizpen etxea sortu zuen Ander Sagardoy anaiarekin eta, hainbat filmen ekoizpenean jardun ostean, diziplina berri batean murgilduko da orain bizkaitarra.  Zuzendari lanak egingo ditu, 2023an errodatuko duten Betiko gaua film laburrean.  Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazle bizkaitarra izango da euskara hutseko proiektu honen gidoia idaztearen arduraduna, eta Sumendi Filmak, Galapan Productions eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa izango du. Halaber, Maite Arroitajauregi eta Aran Calleja aktoreek esku hartuko dutela jaso dute hainbat komunikabideek.