Hollywoodeko Akademiak ez du Extrapictures ekoiztetxe arabarraren proiektua behin betiko hautagaien zerrendan sartu. Everything Everywhere All at Once (Daniel Kwan and Daniel Scheinert) ekoizpen estatubatuarra da faborito nagusia, 11 garaikur lor ditzake martxoaren 12an ospatuko duten ekitaldian. 

Oscar sariak 95-hautagaitzak-zinea

Iazko galan zaplazteko entzutetsu hark utzitako irudi negargarri eta lotsagarriaz ahaztuta, atzo izan genuen, aspaldikoz, Oscar sarien berri. 2023ko martxoaren 12an banatuko ditu Hollywoodeko Akademiak 95. edizioko estatuatxoak, eta dagoeneko, Los Angeleseko Dolby Theatre antzokian gauzatuko den eta Jimmy Kimmel komikoak gidatuko duen ekitaldian urduritasunak jota izango diren zinema industriako profesionalak nortzuk izango diren ezagutarazi dituzte. Atzo bertan argitu zuten Riz Ahmed eta Allison Williams aktoreek behin betiko hautagaien zerrenda, eta euskal parte hartzea duen Tula (Beatriz de Silva) lana film labur onenaren kategorian sartuko ote zuten esperantza bazegoen, azkenerako, boskote finalistatik kanpo gelditu da Extrapictures (Katixa de Silva eta Iñigo Silva) ekoiztetxe arabarraren proiektua.

Ezustekoek beti dute tokia Oscar sarietan, nolabait, polemikek eta espero gabeko erabakiek ematen diote bazka hitzorduari. Everything Everywhere All at Once (Daniel Kwan and Daniel Scheinert) ekoizpen estatubatuarra da zerrendaburua, 11 hautagaitzarekin, eta bertan parte hartu duen Michelle Yeoh aktoreak historia egin du, asiar jatorriko lehena baita emakume aktore onenaren saria jasotzeko lehian. Kategoria berean sartu dute Marilyn Monroe haragitu duen Ana de Armas espainiarra ere, kubatar jatorriko lehen aktorea bilakatu da hautagai izaten. Gizonezkoen kategorian, Elvis Presley abeslari iparramerikarra eta Rock and Roll musikaren erregea izandakoari aurpegia jarri dion Austin Butlerrek Urrezko Globoetan gertatutakoa errepika dezake, baina sekulako gorputz-aldaketa egin behar izan duen Brendan Fraser (The Whale, Darren Aronofsky) izango du gertutik, zorrotz.

Nabarmentzekoa ere, John Williams musika konposatzailearen marka, berak propio zeukan errekorra hautsi berri du, 53. aldiz gerturatuko baita Dolby Theatre antzokira. 7 hautagaitza dituen The Fabelmans (Steven Spielberg) filmeko soinu banda sortu du. Spielberg bera ere historia liburuetan aurkituko dugu aurten, bederatzigarrenez sartu baitu Hollywoodeko Akademiak zuzendari onenaren zerrendan. Bere haurtzaroa hizpide duen drama generoko filma Urrezko Globoetan nagusi izatetik dator, eta faborito da Oscarretan ere.

The Fabelmans-ek lehiakide zuzen izango ditu aipatutako Everything Everywhere All at Once, The Banshees of Inisherin (Martin McDonagh), Elvis (Baz Luhrmann), Tár (Todd Field), Women Talking (Sarah Polley); eta ezustean, Netflix ekoiztetxearen All Quiet on the Western Front (Edward Berger), Avatar: The Shape of Water (James Cameron), Top Gun: Maverick (Joseph Kosinski) eta Triangle of Safness (Ruben Östlund).

Cannesen garaile izan den ekoizpen suediarra, hala ere, ez dute nazioarteko film onenaren kategorian sartu, ezta Decision to Leave (Park Chang-Wook) hegokorearra ere. Aldiz, Veneziako Mostran FIPRESCI saria eta Donostia Zinemaldian Donostia Hiria publikoaren saria eskuratu dituen Argentina 1986 (Santiago Mitre, Argentina) bertan da, EO (Jerzy Skolimowski, Polonia), All Quiet on the Western Front (Alemania), Close (Lukas Dhont, Belgika) eta The Quiet Girl (Colm Bairéad, Irlanda) ekoizpenekin batera.

Bestalde, Guillermo del Toro zinemagile mexikarrak Carlo Collodiren ipuinean oinarritutako egurrezko sudurluzearen egokitzapenak, Guillermo del Toro’s Pinocchio animazioko film luze onea izateko aukera handiak dauka.

95. Oscar sarietan ezer gutxi eskura dezakeena, Babylon izango da. Damien Chazellek zuzendutako filmak, 20ko hamarkadako Hollywoodeko testuinguruan girotutakoak, hiru hautagaitza soilik lortu ditu, arlo teknikoetan: soinu banda onena, ekoizpen diseinu onena, jantziteria diseinu onena.

Ezagutu zerrenda osatua, jarraian.