Urtarrilaren 27an ekingo diote 15. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldian lehiatu diren lan onenak herriz herri erakusteari. Martxo bukaera bitartean, Donostian, Iruñan, Gasteizen, Bilbon eta Hego Euskal Herriko zein espainiar lurraldeko zenbait herritan egingo du zirkuitu ibiltariak geldialdia.

Mendi Tour 2023-zinea

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte. Abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatu da 2022ko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia, hamabosgarrena, eta ohi bezala, mendiarekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituzten filmak jarri dituzte lehian. Orotara, 16 sari banatu dituzte, 13 filmen artean, 25.200 euroko diru-ordainketara iritsiz. Ikus-entzuleen erantzuna ere aparta izan da, pandemia aurreko datuak hobetzea lortu baitu festibalak: 9.005 pertsona bildu ditu 15. edizioak, iaz baino 1.500 gehiago. “Gure deialdi-ahalmena berreskuratzea lortu dugu, % 74ko okupazioarekin (2018 eta 2019koen gainetik)”, azaldu dute arduradunek, pozik.

Bada, urtero legez, behin festibala bukatuta, Mendi Filmen ikusgai izan diren lan onenak herriz herri erakutsiko dituzte urte osoan zehar. 2023ko Mendi Tourrari Zangozan emango diote hasiera, ostiral honetan bertan, eta astebete beranduago berrartuko dute. Tartean, Donostian egingo du geldialdia zirkuitu ibiltariak, hiru saio eskainiz, eta Iruña, Gasteiz zein Bilbo bisitatuko ditu, Hego Euskal Herriko zein espainiar lurraldeko zenbait herritan ere izanez.

Gaur gaurkoz, 14 hitzordu baieztatu ditu 2023ko Mendi Tourrak. Jarraian agenda:

  • Zangoza | Karmengo Entzutegia (urtarrilak 27 eta otsailak 3)
  • Donostia | Antzoki Zaharra (urtarrilak 31 eta otsailak 1-2)
  • Iruña | Golem Baiona (otsailak 6-7-8-9)
  • Zumaia | Aita Mari Antzokia (otsailak 14-16)
  • Leioa | Kultur Leioa (otsailak 15-16)
  • Eskoriatza | Zaldibar Antzokia (otsailak 24-26)
  • Vigo (Galizia) | Udal Auditorioa (otsailak 28 eta martxoak 4)
  • Cantet d’en Berenguer (Valentzia) |Udal Auditorioa (martxoak 4)
  • Tolosa | Leidor zinema (martxoak 6-7-8)
  • Bilbo (Bidaiarien txokoa) | Begoñako Udaltegia (martxoak 13-15) eta Santutxuko Udaltegia (martxoak 14-25)
  • Eibar | Coliseum Antzokia (martxoak 14 eta 15)
  • Ataun | Heri Antzokia (martxoak 17)
  • Gasteiz | Vital Fundazioa Kulturunea (martxoak 20-22-23-24)
  • Igorre | Lasarte Aretoa (martxoak 23-24)

Besteak beste, ikusgai izango dira Quinn Brett eskalatzailea protagonista eta haren istripu larria abiapuntu duen An Accidental Life (Henna Taylor) filma, 15. edizioko garaile nagusia; Egolan (Ignasi Lopez), epaimahaiaren aipamen berezia eta ikus-entzuleen aitortzak jaso dituen; Aner Etxebarriaren Joy, ekitaldiko film labur onena izendatu dutena, Julen Zubietek zuzendutako Agur Artzai lana, EITB Euskarazko Film Onenaren eta Gazte epaimahaiaren sariak lortu dituena.

Filmak jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko eta/edo euskarazko azpitituluekin pantailaratuko dituzte, eta saio bakoitzaren aurretik zinemaldiko arduradunek hartuko dute hitza, ikus-entzuleak ikustear dauden ekoizpenen gaineko xehetasunak azaltzeko asmoz.

Informazio gehiago, eta hitzordu bakoitzaren kartela, jarraian.