Eivissako Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdiaren 7. edizioan lehiatu ostean, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan egongo da Ione Atenea zinemagile iruindarraren filma ikusgai.

Los caballos mueren al amanecer-estreinaldia-zinea

Oinordetzarik ez duen familia baten oroitzapenak berreskuratzeko konpromisoa hartuko du Ione Ateneak Los caballos mueren al amanecer filmean. Hiru urtez hutsik egon den etxebizitza batera sartuko da zinemagile iruindarra lagunekin, eta garciatarren iraganarekin egingo du topo. Collage dinamiko eta melankoliakoa eraikiko du Ateneak, guda zibilaren ondorengo urteetan betiko isildu diren ahotsen arimei presentzia eman nahian.

Eivissako Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdiaren 7. edizioan lehiatuko da otsailaren 17tik 26ra bitartean Los caballos mueren al amanecer proiektua. Zinemagile iruindarraren bigarren film luzea hilaren 18an pantailaratuko dute, Humans in Focus izeneko sail ofizialean, 20:00etan, eta sortzaileak berak aurkeztuko du.

Ostean, martxoaren 3an, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan egongo da ikusgai.

Iruñetik mundura

Iruñeko Punto de Vista festibalean estreinatu zuen sortzaileak bere bigarren film luzea, eta ordutik, nazioarteko hainbat zinemalditan erakutsi dute proiektua. Besteak beste, 24. Bogotako Nazioarteko Dokumentalen Mostran, Cuencako Zinema jaialdian (Ekaudor), Okzitaniako Tolosan (Frantzia) ospatutako Cinespaña festibalaren 27. edizioan, Bartzelonako D’A festibalean, Documenta Madrid edota Kanariar Uharteko Nazioarteko Zinema Jaialdian, non Panorama España saria irabazi duen.

Ateneak Los caballos mueren al amanecer Hiruki Films ekoiztetxeak ekoiztutako lana da, Zazpi T’erdi taldearekin batera. Nafarroako Gobernuaren, Generalitat de Catalunyaren, Bartzelonako Udalaren, Institut Ramon Llul,  Institut Català de les Empreses Culturals, Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals (TV3) eta Huarteko Arte Garaikidearen Zentruaren babesa dauka.

Jarraian Ander Makazaga kideak idatzitako kritika, hemen.