2023an, ikus-entzunezko atal berri bat inauguratu dugu ZINEA atarian. Euskal Herriko zinema zuzendarien filmografiak errepasatzeko asmoz, bideo sorta  osatzen joango gara FILMOGRAFIAK izenburupean.

Izan zirelako gara eta, noski, garelako izango dira. Doakie, beraz, gure begirunea.

Eloy de la Iglesia (Zarautz, 1944 – Madril, 2006) duzue lehen protagonista. Gipuzkoarra jaiotzez, gai sozial eta deserosoak jorratzen zaildu zen, betiere, bizi izan zen testuinguruaren eraginpean. Telebistarako hainbat proiektutarako gidoiak idazten hasi, eta berehala egin zuen salto zinemara. Fantasía…3 (1966) lanarekin egin zuen debuta, jaioterrian bertan errodatutako pasarteak barneratzen zituena, baina Algo amargo en la boca (1969) filma izan zen bere barneko sua piztu zuen proiektua. Zinema aretoetara iritsi bezain lasten arazoak izan zituen: Alderdi Komunistaren jarraitzaile izateagatik zentsura pairatu zuen, baita bere homosexualitatea azalarazi zuelako ere.

Thrillerrak eta beldurrezko filmak zuzenduz egin zion izkin bazterkeriari, eta Franco diktadorea hil zenean, bestelako norabide bat hatu zuen bere filmografiak. Askatasuna aldarri, drogak, gazteak, homosexualitatea, delinkuentzia… agertzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka 70eko hamarkada bukaera eta 80ko hamarkadako filmetan. Zinema kinkiaren ordezkari nagusienetakoa bilakatu zen horrela, Jose Luis Manzano aktorea  eta lagun mina bidelagun. Gerora oihartzuna izan zuten Navajeros (1980), Colegas (1982), El Pico (1983), El Pico 2 (1984), La Estanquera de Vallecas (1987) sortu zituzten elkarrekin.

Manzanoren heriotzak depresio sakon batean murgildu zuen De la Iglesia, eta zenbait urtez desintoxikazio prozesu batean ere aritu zen buru belarri. 1996an Donostia Zinemaldiak atzera begirakoa eskaini zion, eta berriz ere kameren atzean jartzeko interesa zuela aurreratu zuen bertan. 2003an estreinatutako Los Novios Búlgaros izan zen bere azken filma.