Inoiz ez bezala, euskara entzungo da Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiko sail ofizialean: Estibaliz Urresolaren opera prima Urrezko Hartza irabazteko lehian izango da. Gainerako sailetan ere, euskal parte hartzedun proiektuek parte hartuko dute: Señor y Señora ekoiztetxe donostiarraren Samsara (Lois Patiño), Encounters sailean; eta MUXIKA ZINEMA ekoiztetxe donostiarraren babesa duen Misión a Marte (Amat Vallamajor del Pozo), Berlín Critic’s Week sailean.

Urresola-Berlinale-zinea

2022ko Cannesko zinema jaialdian Cuerdas, bere bosgarren film laburra, aurkeztu eta saridun izan ostean, nazioartera begira jarri da berriz Estibaliz Urresola. Atzo bertan iragarri zutenez, Berlinale jaialdian erakutsiko du bere lehen film luzea: 20.000 especies de abejas. Festibalaren 73. edizioa otsailaren 16tik 26ra bitartean gauzatuko da, eta zinemagile arabarraren opera primak hilaren 22an (asteazkena) izango du mundu mailako estreinaldia, 16:00etan. Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, aldiz, apirilaren 21ean iritsiko da, Bteam Pictures banatzailearen eskutik.

“Berlinen estreinatzea zoragarria da, espero gabeko amets bat. Erleak naturaren biodibertsitatearen bermatzaileak dira niretzat, eta pelikulak aniztasunaren aldeko aldarria izan nahi duenez, kontatu nahi nituen gauzak kontatzen lagundu didate”, azaldu du Urresolak. Barneko bizitza nola ulertzen eta esperimentatzen dugun eta kanpoko munduarekin nola uztartzen dugun aztertuko du zinemagile arabarraren filmak. Bi mundu horiek bereizten dituzten mugak eta maitasunaren izenean familiaren baitan gauzatzen diren indarkeriak ere jorratuko ditu.

Urrezko Hartzaren lehian, ibilbide luzeko zinemagileen lanak izango ditu: Afire (Christian Petzold), Ingeborg Bachmann – Journey Into The Desert (Margarethe Von Trotta), Suzume  (Makoto Shinkai) edota The Plough (Philippe Garrel), besteak beste.

Berlinale jaialdiko gainerako sailetan ere, euskal parte hartzedun proiektuak izango dira: Señor y Señora (Aritz Moreno eta Leire Apellaniz) ekoiztetxe donostiarraren Samsara, Lois Patiño zinemagile galiziarrak zuzendutakoa, Encounters sailean; eta Amat Vallamajor del Pozo zinemagile kataluniarrak zuzendu eta MUXIKA ZINEMA ekoiztetxe donostiarraren babesa duen Misión a Marte filma, Berlín Critic’s Week sailean.

Aniztasunaren aldeko aldarria

Urresolak zuzendutako eta Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako 20.000 especies de abejas lana ECAMen aurrera eramandako The Screen proiektuko La Incubadora programan hautatu zuten 2020an, eta NOKA Mentoring programan partaide izan zen ostean. Iaz, aldiz, Berlinale Nazioarteko Zinema Jaialdiko Co-Production Market 2022 merkatuan parte hartu zuen, proiektuari azken pintzeladak emanez.

Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago errodatuta, eta bere aurreko lanetan bezala, ia erabat emakumez osatutako lan-taldea du filmak: Sofía Otero, Patricia López Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cózar, Miguel Garcés, Unax Hayden eta Andere Garabieta dira aktore nagusiak. Bestalde, Urresolak Silvina Guglielmontti izan du gertuko laguntzaile zuzendari lanetan, argazki zuzendaritzaz Gina Ferrer García arduratu da, eta Izaskun Urkijo Alijo, arte zuzendaritzaz. Soinuaren arduraduna Eva Valillo izan da, eta Koldo Correllak egin du beronen diseinua; Raul Barrerasek, aldiz muntaketa. Nerea Torrijos arduratu da jantziteriaz, eta Ainhoa Eskisabel makillaje eta ile-apainketaz.

20.000 especies de abejas lanak ICAA, EiTB, RTVE, MOVISTAR PLUS +, TV3, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren partaidetza du. Bizkaiko Foru Aldundiak osatu du kolaboratzaile sarea.