Tabakalerak Rotterdamgo Nazioarteko Zinemaldian (IFFR) parte hartuko du, azken hilabeteak bertan egoitza hartuta aritu den Dea Kulumbegashvili zinema zuzendari georgiarraren pieza artistiko batekin. Vive le Cinéma! erakusketan sortutako eta aurkeztutako bere lehen instalazioa aurkeztuko du bertan.

Tabakalera IFFRn egotea erakunde bien arteko elkarlanaren emaitza da, eta Dasatskisi/Beginning (2020) filmarengatik Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen zuzendariak Captives lana Rotterdamgo Zinemaldiko Art Directions programan aurkeztea ahalbidetuko du. Programa horrek urtero biltzen ditu zinemaldiarekin batera egiten diren instalazio artistikoen, emanaldien eta erakusketen exibizioak.

Kulumbegashvili hiru urteren ondotik itzuliko da bere opera prima estreinatu zuen zinemaldira, baina oraingoan ez du film batekin egingo, baizik eta artistak Tabakalerak, Amsterdamgo Eye Film Museumek eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, ekoitzitako Vive le Cinéma! erakusketan sortutako eta aurkeztutako bere lehen instalazioarekin.

Captives izeneko lana ikus-entzunezko instalazio inmertsibo gisa diseinatuta dago, ikus-entzuleak pantailako pertsonaia baten espazio intimoan sartzera gonbidatzen dituena. Rotterdamgo WORM kultur zentroan erakutsiko da urtarrilaren 25etik aurrera, 2023ko IFFR jaialdiaren inaugurazioarekin bat eginaz.