Andoni Imaz kazetariak, Nagore Eceiza zinemagileak eta Kepa Errasti aktore eta gidoilariak osatuko dute 2023ko ekitaldiko epaimahai ofiziala. Bestalde, Mundukide kooperatibak, Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek, eta ikus-entzule nagusienek ere izango dute film laburrak nabarmentzeko aukera.
Euskal Herrian zinema egiteko edo ulertzeko modu eta estilo desberdinen erakusketa ahalik eta anitzena aurkezteko asmoz, Mondragon Unibertsitateko 4. mailako Ikus-entzunezko Komunikazio graduko ikasleek osatutako talde batek Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia antolatu ohi du, urtero. Iban del Campo unibertsitateko irakasle eta jaialdiaren zuzendari artistikoaren gidaritzapean, 16. edizioa urtarrilaren 25etik 27ra bitartean ospatuko dute, eta guztira, 32 sorkuntza erakutsiko dituzte, hiru sail lehiakorretan: sail ofiziala, bideoklip saila eta ikasle saila.
Bada, horietan parte hartuko duten filmak ikusi eta baloratzeaz arduratuko den epaimahaia argitu du jaialdiko lan-taldeak, baita diru-sarien berri eman ere. Andoni Imaz kazetariak, Nagore Eceiza zinemagileak eta Kepa Errasti aktore eta gidoilariak erabakiko dute 2023ko edizioko HUHEZUEMA sariaren hartzailea, eta onuradunak 800 euro jasoko ditu.
Bestalde, orain arte MU Ikasle Saila izan dena, hau da, Mondragon Unibertsitateko ikasleei soilik bideratutakoa, zabaldu egin dute Euskal Herriko zinema edo ikus-entzunezko euskal ikasleen parte hartzea bultzatuz: Larrotxene (Donostia), Mendizabala (Gasteiz), ECPV (Bilbo) eta EHUko 10 film labur izan dira hautatuak; aitortza, aldiz, bik jasoko dute: ikasle film onenaren sariaren hartzaileak 300 euro irabaziko ditu, eta MU sariarenak, 150 euro.
Gazteen artean arrakastatsu den bideoklip formatuko 12 sorkuntza “eder bezain aberats” jasoko ditu 16. ekitaldiak, epaimahaikideek horien artean bideoklip onena ebazteaz gain (300 euro) euskarazko sorkuntza onena ere nabarmenduko dute (200 euro) Imazek, Eceizak eta Errastik.
Bestelako sariak
Epaimahai ofizialaz gain, jaialdiaren babesle den MUNDUKIDE kooperatibako Urri Urizar komunikazio arduraduna ere igoko da agertokira, Mundukide saria ematera. Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onena errekonozituko du Urizarrek.
Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek, aldiz, diru-laguntza publikorik gabe ekoiztutako eta banatutako filmari emango dio Vertigo saria. Eta berrikuntza gisa, Senior saria banatuko da, urtarrilaren 26ko (osteguna) saiora hurbilduko diren ikus-entzule nagusienek erabakitakoa.