Gelditasuna ekaitzean-kritika-zineaGelditasuna Ekaitzean, Alberto Gastesi donostiarraren lehen film luzea, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi protagonista dituena, Eivissako Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdiaren 7. edizioan lehiatuko da. Otsailaren 17tik 26ra bitartean egingo dute hitzordua.

GELDITASUNA EKAITZEAN / LA QUIETUD EN LA TORMENTA filmak bikote bat du protagonista, Lara (Mauleón) eta Daniel (Gastesi); ekaitz egun batean ezagutu zuten elkar eta ezer gutxi mantentzen dute orduko pasio horretatik. Urte asko igaro dira; elkar ezagutu zutenean gazteak eta grinatsuak ziren, eta etorkizunak aukeraz beteriko herrialde urrun bat zirudien.

Orain, haien bideak berriro gurutzatu dira: Lara Paristik Donostiara itzuli da Telmorekin, bere bikotekidearekin, hirian behin betiko bizitzeko asmoz. Daniel, aldiz, ez da inoiz hiritik atera, orain bere andregaiarekin bizi da, Verarekin, eta amaren higiezin-agentzian egiten du lan. Larak eta Danielek salgai den etxebizitza baten bisitaldian egingo dute topo. Baina agian ez da elkar topatzen duten lehen aldia. Iraganaren eta orainaren artean, filmak beste garai batean beste bide batzuk hartzeko aukera izan zuten bi pertsonaren maitasun-istorioa aztertzen du.

2022ko apirilaren 4an abiatu zituzten errodaje lanak eta hilabete eman zuten filmaren lehen zatia izango zena grabatzen. Izan ere, bi zatitan banatu zuten grabaketa prozesua: iraganari buruzko pasartea, lehen aste horietan errodatu zutena, eta orainari dagokiona, ekaina aldera filmatu zutena.

Arestian aipatu bezala, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi izango dira protagonistak eta, horiekin batera, Aitor Beltranek eta Vera Milanek osatuko dute aktore-taldea.  Lehenengo film luze saiakera izan da Alberto Gastesi zuzendariarentzat, eta bera arduratu da ere,  Alex Merinoren laguntzarekin, gidoia idazteaz.  Jaione Daubagnak bete du zuzendari-laguntzailearen lana, eta  Loinaz Jauregui izan du ekoizle. Halaber, Itziar Otxoa izan du ekoizpen-zuzendari eta Alejandra Arrospide aritu da zuzendaritza-artistikoan. Aldiz,  Andrea Saenz Pereirok landu du soinua. Amaitzeko, Kizkitza Retegui arduratu da makillajeaz eta Olga Cruz ile-apaindegiaz.

Vidania Films ekoiztetxearen du atzetik proiektuak, eta baita Eusko Jaurlaritzarena ere. Berezitasun gisa, gainera, zuri-beltzean errodatua izan dela aurreratu du lan-taldeak.

Hainbar jaialdietan

Donostia Zinemaldiaren 70. Edizioan izango zuen filmak mundu mailako estreinaldia. Hain zuzen, irailaren 20an Victoria Eugenia Antzokian ospatu zen Euskal Zinemaren Galan proiektatu zuten lana eta Zinemira sailean lehiatu ere, Irizar Saria eskuratzeko.

Honen ostean, 2022ko udazkenean Xixongo Zinema Jaialditik ere igaro zen filma. Lana 2023 urtean helduko da zinema-areto komertzialen zirkuitura, baina, hori baino lehen, Eivissako Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdiaren 7. edizioan egingo du geldialdia.  Otsailaren 19an, igandean, emanaldi batean ikusi ahal izango da, 20: 00etan, Can Jeroni Centre de Cultura zentroan. Filmaren zuzendariak aurkezpena eta solasaldia egingo ditu.

Proiekzio hau Humans in Focus programaren barruan kokatzen da. Nazioarteko lehia-atala da, eta garrantzi handia ematen die zinemak disekzionatutako pertsonaiei. Halaber, Sail Ofizialaren barruan Fikziozko Film Luze Onenaren saria jasotzeko hautagai da filma.