Sortzaile donostiarra zuzendari berri onena aukeratu dute, eta bere opera primako bikote protagonista, Vicky Luengo eta Pol López, emakumezko eta gizonezko aktore onenak izendatu dituzte. Bestalde, Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua) lanak Europako film onenaren saria irabazi du sari-banaketaren 15. edizioan.

Gaudi 2023-zinea

Kataluniako Zinema Akademiak bart banatu ditu lurraldeko ekoizpen onenak aitortzea helburu duten Gaudi sariak, eta ez da sorpresarik izan. Carla Simónek zuzendutako eta Berlingo Zinema Jaialdian nagusi izan zen Alcarràs gailendu da, 14 hautagaitzetatik bost bereganatuz: film eta zuzendari onenaren sariez gain, jatorrizko gidoi, ekoizpen zuzendaritza eta ikus-entzuleen garaikurrak jaso ditu.

Simónen lana zerrendaburu zen, Isaki Lacuestaren Un año, una noche filmarekin batera, eta Alcarràs-ek adina errekonozimendu izan ditu honek ere, arlo teknikoari dagozkienak: egokitutako gidoi onena, muntaketa onena, jatorrizko musika onena, efektu berezi onenak eta soinu onena. Aldiz, hiru Gaudi sari irabazi ditu Pacifiction (Albert Serra) ekoizpenak. Zinemagile kataluniarrak atzerrian errodatutako lana katalanez besteko film onena izatea erabaki dute, eta zuzendaritza artistiko eta argazki onenaren kategorietan ere nabarmendu dute.

Museu Nacional d’Art de Catalunyako Oval aretoan (Bartzelona) ospatu da sari-banaketaren 15. edizioa, Llum Barrera aktoreak aurkeztu duena eta euskal parte hartzea izan duten hainbat proiektu egon dira hautagai-zerrendetan. Mikel Gurrearen Suro opera prima 10 kategorietan lehiatu da, eta ez da esku hutsik itzuli: sortzaile donostiarra zuzendari berri onena aukeratu dute, eta saria jasotzean, landa-eremuko langileak izan ditu gogoan, basora lanera joan beharrean zirela-eta, lo zeudenak. Gainera, filmeko bikote protagonista, Vicky Luengo eta Pol López, emakumezko eta gizonezko aktore onenak izendatu dituzte akademikoek, hurrenez hurren. 70. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu du Gurreak Suro, Fipresci saria, Euskal Zinemaren Irizar saria eta Euskal gidoigileen elkartearen saria eskuratuz. Abycine jaialdian ere, Albaceteko Kazetarien Elkartearen aitortza jaso du, eta Gaudi sarien galan aitortua izan ostean, otsailaren 11n ospatuko duten 37. Goya sarien ekitaldia du begiz jota.

Bestalde, Malagako Jaialdiko 25. edizioan arrakastatsu izan den Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azúa) lanak Europako film onenaren saria irabazi du Kataluniako Zinema Akademiaren galan. Bergman Island (Mia Hansen-Løve) zein Petite Maman (Céline Sciamma) ekoizpen frantziarrak, eta Verdens verste menneske (Joachim Trier) norvegiarra izan ditu lehiakide.