Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren merkatuetan, azoketan eta ekimen profesionaletan parte hartzeko ikus-entzunezkoen arloko profesionalentzako laguntza-deialdia aurkeztu du Zineuskadi Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin elkarlanean.

Zineuskadi

Ekimenak hainbat helburu ditu. Lehenengo eta behin, aipatutako sektoreak nazioartekotzeko eta bere ekoizpen kulturaletarako irtenbide komertzial berriak topatzeko egindako ahalegina bultzatzea; bigarrenik, euskal eragile kulturalen eta kanpokoen arteko topaketak eta trukeak sustatzea; eta, hirugarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sortu eta ekoitzitako kultura kanpoan hedatzen laguntzea. Hala, laguntza horiek 2023ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 22a bitartean EAEtik kanpo antolatutako ikus-entzunezkoen sektoreko merkatu, azoka edo ekitaldi profesionaletako parte hartzea sustatzeko bideratuko dira.

Banatuko diren zenbatekoak talde edo enpresako ordezkari batek azoketara edo ekitaldietara joateko egin behar diren joan-etorrien, ostatuaren, dieten eta akreditazioaren gastuak ordaintzeko izango dira, edota beren lanak erakusteko standa alokatu eta egokitzeko. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako guztizkoa 50.000€-koa izango da, eta bi azpi-deialditan banatuko da:

a) 25.000 euro, 2023ko urtarrilaren 1etik ekainaren 16ra bitartean sortutako gastuak estaltzeko.

b) 20.000 euro, 2023ko ekainaren 17tik abenduaren 22ra bitarteko aldirako.

Eskaerak, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau ZINEUSKADIren webgunean argitaratzen den hurrengo egunean zenbatzen hasi zen, eta aldi bakoitzaren mugaegunetik 15 egunera amaituko da. Hau da, lehen zatia jasotzeko epea 2023eko ekainaren 17tik uztailaren 2ra artekoa izango da. Bigarren zatia jasotzeko epea 2023eko abenduaren 23tik 2024ko urtarrilaren 7ra artekoa izango da.

Eskaerak I. eranskinean dagoen instantzia-ereduan formalizatuko dira eta zehaztutako dokumentazioa gehitu beharko zaio. Eskaera horiek posta-helbide honetara bidali beharko dira: info@zineuskadi.eu. Jasotako eskaeratzat hartuko dira hartu izanaren agiria eta Zineuskadi elkarteak emandako espediente-zenbakia dutenak.

Deialdiaren azalpena, oinarriak eta eranskina, hemen.