Louis Feuilladek zuzendutako Fantômas: À l’ombre de la guillotine (1913) lanak eta Dimitri Kirsanofferen Ménilmontant (1926) kultuzko film ertainak pantailaratuko dituzte, gaur, 19:00etan, Tabakaleran.

Nosferatu zikloa 2023-zinea

Donostia Kulturak, Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalerak 2023rako atondutako zinema agendaren baitan, Frantziako polarrak (zinema beltzak) berebiziko garrantzia izango du aurten. Izan ere, abendura bitarteko Nosferatu zikloa eskainiko diote, eta bi liburu argitaratuko dituzte, zinema eskaintzaren osagarri. Bata, El polar francés 1933-1982 1933-1982, Colección Nosferatu-ko 19.a,  José Antonio Navarrok koordinatu du, eta otsailean edo martxoan argitaratuko da. Bigarrena, euskarazkoa, Iñigo Marzabalek koordinatuko du, Nosferatu Bildumako 11.a, eta 2023. urtearen amaieran argitaratuko da.

Gaur bertan abiatuko dute zikloa, bi film eskainiz. Louis Feuilladek Krimenaren Enperadoreari –Pierre Souvestrek eta Marcel Allainek sortutako pertsonaiari- eskaini zizkion bost filmetatik lehena da Fantômas: À l’ombre de la guillotine, 1913an errodatutakoa. Ekintza hiru ataletan banatuko da: Royal Palace Hôtelen lapurreta atalak Fantômas erakusten du Danidoff printzesaren bitxien jabe egiten; Lord Belthamen desagerpena-k, tituluak jasotako gertaeraren inguruan garatuko da, non haren emaztea, Fantômasen maitale eta konplizea, inplikatuta egongo den; Urkamendiaren inguruan-en Fantômas nola atxilotu eta gillotinara kondenatzen duten kontatuko du.

Bestalde, intertitulurik gabeko film ertain entzutetsua da 1926an Dimitri Kirsanoffek zuzendutako Ménilmontant. Garaiko abangoardia zinematografikoen barruan koka daiteke, baina ondoren loratu zen errealismo poetiko frantsesaren zenbait elementu ere suma daitezke bertan. 20ko hamarkadako Parisen, umezurtz geratu diren bi ahizpa baliabide ekonomikorik gabe bizirauten saiatuko dira, nekez. Gizon baten tratu txarrak jasan beharko dituzte, gainera.

Hitzordu bana, asteazkenero

Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana erakundearen lankidetzan atondu dute Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak sorta, eta 30 film inguru pantailaratuko dituzte. Antolatzaileek aurreratu dutenez, lehenengo hiruhilekoan, besteak beste, Jean Renoir, Julien Duvivier, Jacques Becker edo Henri-Georges Clouzot zinemagileen ekoizpenak ikusi ahalko dira, ohi bezala, asteazkenetan.

Urtarrileko, otsaileko eta martxoko hitzorduak zehaztu dituzte, dagoeneko:

  • Urtarrilaren 25ean: La Chienne (Jean Renoir, 1931)
  • Otsailaren 1ean: La Tête d’un homme (Julien Duvivier, 1933)
  • Otsailaren 8an: Le Dernier Tournan (Pierre Chenal, 1939)
  • Otsailaren 15ean: Le Corbeau (Henri-Georges Clouzot, 1943)
  • Otsailaren 22an: La Môme vert de gris (Bernard Borderie, 1953)
  • Martxoaren 1ean: Touchez pas au grisbi (Jacques Becker, 1954)
  • Martxoaren 8an: Maigret tend un piege (Jean Delannoy, 1958)
  • Martxoaren 15ean: Des femmes disparaissent (Edouard Molinaro, 1959)

Iaz bezala, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra (biak barne) zinema programazioaz gozatzeko aukera ematen duen zinema-bonua salgai jarriko du Tabakalerak. 120 euro ordainduz, 40 saiotara bertaratzeko eskumena izango dute eskatzaileek, baita El polar francés 1933-1982 1933-1982, Nosferatu Bildumako 19 argitalpena edota Zinema festa bat da (Katixa Agirre) liburua doan eskuratzekoa ere.

Bonua 2022ko abenduaren 20ko 12:00etatik aurrera eros daiteke, 2023ko urtarrilaren 31ko 12:00etara bitartean, bai Tabakaleraren webgunean eta bai zentroko informazio-puntuan. Egun eta ordu horretan irekiko da, halaber, urtarrileko eta otsaileko proiekzioei dagozkien ohiko sarreren salmenta (4 euroko kostua izango du bakoitzak).