Zuzendaria: Ali Abbasi

Urtea: 2022

Herrialdea: Danimarka

Holy Spider-en klasizismo gordinak lehen eszenatik kolpatuko gaitu bortizki. Emakume baten gau baten kronika da, umea lotan uzten duenetik, bizkarreko orbainak estaliz eta etxetik ateraz. Komun publiko batzuetan ezpainak margotu eta takoiak jantziko ditu, eta autoak noiz geldituko zain geratuko da espaloian. Prostituzioa emakume hauentzako den infernua esplizituki plazaratuko zaigu, eta gaua azkenik era ankerrenean bukatuko da, bezero batek emakume honen zapiarekin urkatuko duenean. Heriotzaren irudia neskaren close-up bortitza da, begiak puztuta eta ahoa geroz eta zabalago erakutsiz.

Hortik aurrera zabalduko da hiltzaile honen jardueren eta bera atxilotzeko ekimenaren inguruko film, esan dezagun, klasikoa. Edonola, argia da Ali Abbasi zuzendari iraniarrak (nahiz eta Danimarkan aspaldi bizi den. Pelikula, are gehiago, herrialde askotako koprodukzioa da, Jordanian grabatua. Pentsaezina litzateke, ziur asko, era honetako film kritikoa Iranen bertan egitea) bere herrialdeko gabezia legal eta moralak dituela hizpide bere filmean, eta zine beltzaren kontakizun gordina, kontzientziak astintzeko tresna gisa baliatzen duela. Pelikulak (2001. urtean jazotako benetako gertakarietan oinarritua) bi perspektiba tartekatuko ditu bere narratiba aurrera ateratzeko. Alde batetik, Teherandik iritsitako Rahimi kazetaria (Zar Amir-Ebrahimi, Cannes-eko jaialdian emakume aktore onenaren saria irabazi zuen), nolabait pelikularen ildo editoriala eraikiko da bere bitartez, egunkarian informatzeaz gainera, hiltzailea harrapatzeko grina nabarmena adieraziko duen heinean. Eta beste ikuspuntua hiltzaile berarena da, Saedd (Mehdi Bajestani), “bizioaren aurkako yihad-a” martxan jartzeko helburuarekin hilketa lazgarri hauen egilea (muturrerainoko fedea du, ohikoa izango da nolabait erlijioaren ikonoak lehen terminoan daudela Saedd harrapatuta balego bezala irudikatzea). Berez ez da berritzaileegia, are gehiago David Fincher-en Zodiac edo, are atzerago, Alfred Hitchcock-en Frenzy bezalako filmak ekarriko dizkigu gogora muntaia zatikatuaren erabilera honek edo gaizkilearen perspektiba ankerra erdigunean jartzeko joera honekin. Edonola, bide eraginkor samarra izango da tentsioa mantentzeko, nahiz eta hiltzailearen nortasuna hastapenetik jakin.

Planteamendua hau izanik konfrontazioen inguruan eraikiriko pelikula da, nolabait bi pertsonaien arteko frikzio morala izango da aurrera egiteko gurpila. Interesgarria da behatzea pelikulak egunaren eta gauaren artean plazaratzen digun jokoa, izan ere, hilketa guztiak gauez emango dira, irudikapen basatia izango dute iluntasunaren babesean ematen diren gertakariok; baina esan liteke hilketa hauek baliatzen dituzten sustraiak egun argitan ematen den egunerokotasun horretan ezartzen direla: Saedd familia gizon arrunta da, bere umeekin jolas egiten duena, komunitatean maitatua, gerrako beterano den heinean. Rahimik aldiz egunerokotasun zaila dauka, bakarrik, gizonen baimen gabe, mugitzeko  mugak ditu (etengabe moralaren poliziaren mehatxua aipatuko da), eta bere lana gauzatzea oztopoz beteriko bidea izango da. Eszenaratzea, oro har, gordina da eta funtzionaltasunean oinarritua, baina detaile zoragarri bat bada Rahimi-ren ikerketa elkarrizketen planifikazioan: plano ireki bitartezko plano-kontra planoaren formula estandarra baliatzen du Abbasi-k baina ezustean bira bat gertatuko da galdeketan, eta elkarrizketatuak Rahimi-ri zerbait esango dio bere emakumetasunaren inguruan, nolabait gizonak (sistemak) galdera horiek egiteko legitimotasuna zalantzan jarriko balu bezala. Eta momentu horietan plano-kontra plano horrek lehen plano itxiaren itxura hartuko du, neska deseroso dago bat batean, eremu itxi horretan bere jarduna egiteko askatasuna urratu izan baliote bezala.

Izan ere, kazetaritza ikerketa honen bitartez ohartuko da Rahimi pelikularen bihotza den ideia hortaz: hiltzaile bakarraz mintza gintezke? Emakumeen lepoa estutzen duen hori baino ez da erantzulea, edo kaleak “garbitzen” ari dena harrapatzeko esfortzurik egiten ez duen sistema pozoiduna ote da sakoneko arazoa? Zentzu horretan botere politikoaren eta erlijiosoaren arteko erlazio errotuaren aurka egingo du pelikulak (Mashda hiri sakratuan ematen dira hilketa hauek), biktimak errudun eta hiltzaileak heroi bilakatzen dituen gizarte gaixo baten aurka. Azken pasartean genero beltza drama judizial bilakatuko da, bertan emango du filmak bere azken jauzia, akaso arriskatuena, Saedd hiltzailearen familia posizio bat hartzera behartuz. Bukaerako eszena, hiltzailearen seme-alabak protagonista dituena, inpakturako egina dago, era argian, eta horregatik, artifiziala somatzen dugu pelikularen diskurtsoan. Egia esan pelikula beraren zeinua ere badela esan genezake, bere irudi esplizitu eta gordinen bitartez espresatzen dela ematen du zenbaitetan, eta indar espresibo hori lehen terminoan ezartzeak analisi sakonagoak gauzatzeko ezintasuna ekarriko duenaren sentsazioa izango dugu.