Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko emakume zuzendari berrien film luzeen proiektuak tutorizatzeko eta laguntzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako eta Tabakalerak kudeatutako Noka Mentoring programak 2023ko deialdia zabaldu berri du, otsailaren 26ra arte eman daiteke izena.

Noka 2023-deialdia-zinea

“Noka Mentoringek denbora, espazioa, testuingurua, akonpainamendu profesionala eta 4.000€-ko diru laguntza eskaintzen die zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean; zuzendari-txosten sendo bat eta gidoiaren lehen tratamendua egiten lagunduko zaie, eremu zinematografikoan gaur egun eskaintzen diren garapen-laguntzak eskuratzeko aukera izan dezaten, bai Eusko Jaurlaritzakoak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioko Zine eta Ikus-entzunezko Institutua), eta baita nazioarteko industria zinematografikoko foro profesional eta erresidentzietara aurkeztu daitezen. Ikusmira Berriak programara, besteak beste”.

Halaxe aurkeztu dute iragan urtarrilaren 16an 2023ko deialdia, aurrenezkoz, Iparraldeko emakume zinemagileei ere zuzenduta egongo dena. Bosgarren programan tutore izango diren ikus-entzunezko alorreko profesionalak ere jakinarazi dituzte: Celia Rico Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Sevillako Unibertsitatean eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan Bartzelonako Unibertsitatean, Maider Oleaga zinemagilea eta Diana Toucedo muntatzailea arduratuko dira hiru proiektu hautatu eta horien jarraipena egiteaz. Mentoringean bi alderdi konbinatuko dira: batetik, film baten ideazio-prozesura sormenaren bidez hurbiltzea eta, bestetik, proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza.

Zuzendariok Tabakalerako ekosisteman integratuko dira, eta berau baliatu ahal izango dute proiektuak garatzeko. Izan ere, azarora arte luzatuko den programak sei modulu izango ditu, hala nola, zinemagilearen burua eta gorputza finkatzeko saioak martxoa eta apirilean, gidoiaren eta zuzendarien memoriaren idazketa apirila eta maiatzean, ekoizpenari eta finantzaketa-planari lotutako alderdiak landuko dituzte ekainean, eta industriaren mapa eta foroak ezagutuko dituzte irailera bitarte, eta Zineuskadiren eskutik NOKA jardunaldietan parte hartuko dute azaroan.

Horrekin batera, industriako akreditazio profesional bat izango dute Donostia Zinemaldiaren 2023ko ediziorako eta, beraz, jaialdira eta haren industria-arlora joan ahal izateko esperientzia hori programan sartuko da, prestakuntza- eta laguntza-jarduera gisa.

Deialdira aurkezteko PDF bakarra bidali beharko da noka@tabakalera.eus helbidera proiektuaren fitxa teknikoa, sinposia, eta egilearen asmo-gutuna, curriculuma eta filmografia zehaztuz, eta hautaketa batzordearekin partekatu nahi diren eta proiektua hobeto azaltzen lagundu dezaketen estekak, argazkiak, audioak, etab. gehitu daitezke. Era berean, zalantzak argitzeko Lur Olaizolarekin jar zaitezkete harremanetan 943 011 311 telefonoan (3038 luzapenean). Urtarrilaren 16tik otsailaren 26ra arte izango dute sortzaileek izena emateko aukera, eta martxoaren 15ean iragarriko dituzte programan parte hartzeko hautatutako hiru proiektuak.

Ezagutu deialdiaren oinarriak, hemen.