Donostiako Bagera Elkarteko kideek 2022 bukaeran aurkeztu zuten 15 minutuko iraupena duen dokumentala. Egitasmoaren sortzaile eta mintzalagunek parte hartu dute bertan.
Gaur egun, 7.000 pertsonatik gora elkartzen dira astero-astero Mintzapraktika egiteko asmoz, baina horien guztien jatorrian, bada egitasmo bat, aurten 30 urte beteko dituena. Bagera – Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak 1993ko abenduan eman zuen Mintzalaguna programa sortzeko lehen pausua, sei bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartuta. Ordutik milaka herritarrek, euskal herritarrak izan zein ez, izan dute euskara praktikatzeko aukera.
Bada, egitasmoaren sortzaile eta zenbait mintzalagunen esperientziak, hitzak eta testigantzak jasoz, Mintzalagunak 30 urte (2022) dokumentala ondu dute. 15 minutuko iraupena du, eta bertan, proiektuaren hastapenak eta ibilbidea errepasatu dituzte Ainhoa Lavado, Marije Manterola, Aitziber San Roman, Amaia Balda, Aitziber Gurutzeaga eta Aritz Branton kideek. Soinu banda, Habanera Araba kanta ardatz duena, mintzalaguna ere den Francesa di Nicolak idatzi eta interpretatu du.
Dokumentala sarean dago ikusgai, Mintzalagun berriak erakartzeko urtarrilean martxan jarri duten kanpainarekin bat eginez, ‘Mintzalagun izateko 1.000 motibo’ leloa duena.