2023ko apirilaren 17tik 22ra egingo dute ICOFF – Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Festibalaren 2. edizioa. Izena ematea doakoa da eta otsailaren 6an amaituko da.
Sonia Pacios eta Kepa Sojo zinemagileen eskutik, eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, 2022ko apirilean ospatu zuten Gasteizen ICOFF Jaialdiaren lehen edizioa. Tamaina txikiko zinema eta lurraldekotasuna oinarri, hiru ardatz izango zituela iragarri zuten orduan: nazioartekotasuna, film laburren egileen protagonismoa eta, filmaketak erakartzeko, Arabako hiria eta lurraldea sustatzea.
Bada, tokiko nazioarteko jaialdi bakarra den ezkero, mundu osoko film labur onenak eskaini nahi dizkiete gasteiztarrei eta arabarrei, Estatuko eta Euskal Herriko eta Arabako filmak alde batera utzi gabe. Gainera, lehiaketara beren lanak aurkeztera joaten diren zinemagileei ahotsa eman eta, horrekin batera, lurraldeko leku enblematiko eta bereziak sustatzea da helburua, filmaketa berriak erakarri asmoz.
Aurten ere, programazioa orokorra izango dela iragarri dute antolatzaileek, ahalik eta publiko gehienarengana iristen saiatuko dena eta orotarikoa. Fikziozko film laburrak, animazioa eta dokumentalak hartuko ditu barne, generoko filmak konbinatzen saiatuz: komedia, drama, terrorea, soziala… Horrez gain, emanaldiekin batera sortzaileekin eztabaida eta mahai-inguruak egingo dituztela azaldu dute.
Iazko atalak errepikatuko ditu mostrak:
- NAZIOARTEKOA. Lehiaketa eta sari garrantzitsuenetan irabazle suertatu diren munduko film labur onenen erakusketa: Oscar, Cannes, Berlin, Venezia, Clermont-Ferrand, Europako zinemaren sariak… Datozen urteetara begira atal konpetitiboa izan dadin nahi dute.
- OFIZIALA: Estatu mailako fikziozko film laburrak, dokumentalak edo animazioak eskainiko dituena.
- EUSKAL HERRIA eta ARABA: Euskal film laburrak ala arabar herrialdekoak bertakoa hartuko ditu bere gain. Sail Ofizialeko lanek eta beste film labur batzuek osatuko dute, eta, sail nagusian sartu ez arren, lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.
Inskripzio-epea
Jaialdian izena ematea doakoa da eta FESTHOME (www.festhome.com) edo MOVIBETA (www.movibeta.com) plataformen bidez gauzatu beharko da, dagokion fitxa betez eta lehiaketaren oinarriak onartuz.
Datorren otsailaren 6ra bitartean jasoko dituzte proiektuak.