Tabakalerako 2deo laborategiak urteroko deialdi iraunkorra martxan jarri du. Euskarazko ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko interesa duten 18 eta 35 urte bitarteko gazte sortzaileek urtarrilaren 1etik aurrera dute horretarako aukera.
Tabakalerako Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategiak sustatutako 2deo 2023 deialdi iraunkorrak euskarazko eduki berritzaileak sortzen dituzten gazteen ikus-entzunezko proiektuak tutorizatzeko eta babesteko helburua dauka. Deialdia ikus-entzunezko arloan sortu eta esperimentatu nahi duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta banaka zein taldeka eman daiteke izena. Dena dela, parte hartzaile bakoitzak proiektu bana aurkez dezake soilik. Askotarikoak izan daitezke landutako gaiak, hartzaileen sektoreak eta erabilitako euskarriak.
Proiektu hautatuetako sortzaileek mentoretza espezifikoa izango dute: aholkularitza eta orientazioa, eta garapen-prozesuaren jarraipena. Parte hartzaile bakoitzak hiru mentoretza-saio jasoko ditu. Horrez gain, 2deo laborategiko coworking espazioa eta bertan dauden material eta tresnak erabiltzeko aukera izango dute (platoa, grabaketa-ekipoa eta postprodukzio gelak). Proiektu bakoitzaren beharrizanen arabera, gehienez, 1.500 euroko produkzio laguntza jaso ahalko da.
Hiru mentorek eta 2deo laborategiko ordezkari batek osatuko dute hautaketa batzordea. Baloratuko dituzten irizpideen artean, kalitatea eta sormena, proiektuaren bideragarritasuna (egungo gazteekin konektatzeko duen gaitasuna), eta euskarrien eta edukien berritasuna izango dira.
Urtarrilaren 1etik aurrera dago deialdia martxan, eta urte osoan zehar aurkeztu daitezke proposamenak. Ezagutu programaren oinarriak eta baldintzak, hemen.
2deo Serieak
Bestalde, 2deo Serieak Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiak sustatutako programa bat da, telesailen sortzaileen (ekoizleak eta gidoilariak) proiektuak tutoretzan hartzeko eta babesteko. Mentoretzak eta aholkularitza indibiduala eskaintzen ditu, baita ere gidoi-idazketako zein narratiba berrietan, ikus-entzunezko produkzio-eredu eta eduki-plataformetan prestakuntza.
Donostia Zinemaldiarekin (SSIFF) lankidetzan garatuko da, eta prozesu osoan zehar hiru mentore egongo dira, programan aukeratutako hiru proiektuen jarraipena egiteaz arduratuko direnak. Gaur bertan, urtarrilaren 16an, ireki dute deialdian izena emateko epea, eta otsailaren 26ra arte egongo da aukera. Guztira, 5.000 euroko alguntza ekonomikoa eskainiko dute.
Mentoretza deialdi honen helburua da aukeratutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna azpimarratzea eta, banaketa-eredu berriek eskaintzen dituzten aukerei esker, euskarazko telesailen eta haien nazioartekotzearen alde egitea. 2deo Serieak talentu berriak eta ibilbide profesionala duten pertsonak galdegin ditu, telesail-proiektu baten aldeko apustua egin zezaten, edozein formatu eta generokoa, nazioarteko anbizioarekin eta euskarazko ekoizpenarekiko interes bereziarekin. Edozein genero eta iraupeneko telesail-proiektuak onartu dituzte, fikziozko telesailak zein dokumentalak barne, eta arreta berezia eskaini diete plataforma digitalei.
Ezagutu deialdiaren oinarriak eta baldintzak, hemen.