Es nahen andere Zeiten / Bestelako garaiak datoz izenpean, dokumentalgile alemaniarraren lanak aurrenekoz egongo dira Euskal Herrian ikusgai. Ricardo Matos Cabo portugaldar programatzailea, eta Lucía Salas argentinar programatzaile, kritikari eta zinemagilea izan dira zinema jaialdiaren 17. edizioko lehen atzera begirakoaren arduradunak.
Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuak bultzatutako Ikuspuntu – Punto de Vista Zinema Dokumentalaren jaialdiak 2023ko lehenengo atzera begirakoa Peter Nestler zinemagile alemaniarrari eskainiko dio. 17. edizioa izango dena martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean gauzatuko dute, eta jaialdiak iraun bitartean, Zsóka Nestler emaztearekin eta beste kolaboratzaile batzuekin batera ondutako 18 obra erakutsiko dituzte. Gainera, sortzailearen ibilbidea errepasatuko duen liburua ere argitaratuko dute.
Europako dokumental sorkuntza garaikidearen ikur da Nestle, politikaz, nazioarteko gatazkez, etorkinen eta gutxiengoen lan-baldintzez, objektuak eta materialak fabrikatzeko prozesuez, eta arte eta herri musikaz jardun izan dena. 60 film baino gehiago zuzendu ditu, eta besteak beste, Parisen, Londresen eta New Yorken haren obrari buruzko zikloak antolatu dituzte bertako zinema erakundeek. Punto de Vista zinemaldiaren baitan, bada, aurrenekoz izango dugu alemaniarraren emaria bertatik bertara deskubritzeko aukera, izan ere, Euskal Herrian zein espainiar lurraldean erabat ezezaguna izan da orain arte. Ostean, Bartzelonan (Kataluniako Filmotekan), Madrilen (Cinetecan), Coruñan (CGAIn) eta Valentzian (Valentziako Filmotekan) errepikatuko dute programa.
Es nahen andere Zeiten / Bestelako garaiak datoz atzera begirakoak, guztira, zazpi saio izango ditu, eta jaialdiaren inaugurazioan bertan (martxoaren 27an) ekingo diote emanaldiei. Die Donau Rauf (1968) eta Zeit (1992) film laburrak pantailaratuko dituzte, biak emaztearekin batera zuzendutakoak. Hala, hurrengo saioetan ikusgai egongo diren lanetan ere elkarlanean garatutako hainbat proiektu pantailaratuko dituzte, baita beste zinemagileekin egindako kolaborazio-lanak ere. Azken saioa Nafarroako Filmotekako Punto de Vista Fokuaren parte izango da, jaialdia bukatu eta berehala gauzatuko dena.
Liburu argitalpena
Zinema eskaintzaren osagarri, Nestlerren lanak izan duen kutsu kolektiboa aldarrikatuko duen liburu bat argitaratuko dute atzera begirakoan. Alemaniarrak bere gertuko kolaboratzaile izan direnekin izandako harremana jasoko du: testuak, elkarrizketak, lan-dokumentuak, gidoiak…
Gaur arte, alemanez soilik izan dira edukiok eskuragarri, eta aurrenekoz itzuliko dira gaztelaniara. Gainera, arrazoi ekonomikoengatik, jatorrizko edizioan zuri-beltzean inprimatu behar izan zituzten koadro eta irudien koloretako erreprodukzioak izango ditu.
Informazio osagarria, jarraian.